Grebara joko dute bailarako ehunka langilek gaur, eta mobilizazioak ere izango dira

Gontzal Belategi / Hasier Larrea 2026ko martxoaren 17a

Martxoak 17ko greba iragartzeko horma-irudia Arrasaten.

1.500 euro gordineko gutxieneko soldata ezartzeko asmoz deitu dute grebara ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deituta. Eguerdian, Deba bailarako langile guztientzako manifestazio bateratua deitu dute Eibarren. Arratsaldean, berriz, herriz herri mobilizatuko dira debagoiendarrak, 18:00etan hasita.

ELA, LAB, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek deituta, grebara joko dute Debagoieneko hainbat langilek gaur, asteartea, martxoak 17. Euskal Herrian 1.500 euroko gutxieneko soldata propioa ezartzea da deialdiaren oinarria. "Deialdiaren helburua lanbideen arteko gutxieneko soldataren eskuduntza Euskal Herrira ekartzea da, eta, hemengo zein Espainiako Estatuko bizi-baldintzak ezberdinak direnez, guk hemen 1.500 euroko gutxieneko soldata bat izatea eskatzen dugu", dio ELA sindikatuko ordezkari Eneritz Aristondok, greba orokorra egitearen arrazoien inguruan.

Aspaldiko gatazka

Gutxieneko soldata propioaren gatazka aspalditik datorrela dio LABeko ordezkari Xabier Llodiok: "Gutxieneko soldata minimoa hemen erabakitzea eskatzeko bi bide hartu genituen. Alde batetik, patronala presionatu eta mahaian eseri zedin borroka bat abiatu genuen. Haiek hirutan uko egin zioten gurekin elkartzeari. Gero, beste bide bat ireki zen, Herri Ekimen Legegilearen bidea. Horretarako, 140.000 sinadura jaso ziren EAEn, baina zakarrontzira bota ziren, EAJk eta PSE-EEk betoa ezarri eta tramitera ere ez eramatea erabaki zutelako". Llodiok adierazi du EAEn zein Nafarroan patronalaren eta bi alderdi horien arteko aliantza bat ikusi daitekeela, eta horren eraginez jo dutela grebara: "Patronalak eta EAJren eta PSE-EEren Gobernuak bide horiek itxi zituztenez, gehiengo sindikalak grebara jotzea erabaki zuen".

Feminista eta antirrazista

Gaur egun, ia 300.000 langile dira Euskal Herrian 1.500 euro baino gutxiagoko soldata jasotzen dutenak. LABeko ordezkariak nabarmendu du langile horien %67 emakumeak direla, eta gehienak migranteak. Horregatik, greba "feminista eta antirrazista" dela nabarmendu du, eta "klase sindikalismoa" duela oinarrian.

Ia 300.000 langile dira Euskal Herrian 1.500 euro baino gutxiagoko soldata jasotzen dutenak

Deialdi eta mobilizazio ugari

Pasa den astean ibili ziren Debagoieneko hainbat enpresa greba orokorrerako deia bozkatzen. Horietako askotan irabazi du baiezkoak; esaterako, Oñatiko Hijos de Juan de Garay eta Chinchurreta, Bergarako Arcelor Mittal eta Aranzadi Ikastola, Arrasateko Fagor Elektronika, JMA eta Arizmendi Ikastola, Antzuolako Elay eta Oerlikon Balzers, eta Eskoriatzako Ezcurra. Supermerkatu batzuetako langileek ere greba egingo dute, esaterako, Eroskikoek. 

Grebara joko duten langileak mobilizatzeko asmotan, hainbat deialdi iragarri dituzte sindikatuek. Eguerdian, Deba bailarako langile guztientzako manifestazio bateratua deitu dute Eibarren. 12:30ean abiatuko da, Untzagan. Arratsaldean, berriz, herriz herri mobilizatuko dira debagoiendarrak, 18:00etan hasita. Arrasateko mobilizazioa Maiatzaren Bata plazan hasiko da eta Eskoriatza, Bergara, Aretxabaleta eta Oñatikoak, berriz, lekuan lekuko herriko plazetan izango dute abiapuntua.

Lanean murgilduta

Abenduan eman zuen gehiengo sindikalak martxoaren 17ko greba orokorraren berri, eta geroztik lanean murgilduta ibili direla nabarmendu dute Aristondok eta Llodiok. "Grebaren prestaketak lan handia dakar. Alde batetik, hainbat lanketa egin ditugu enpresetako komiteetako partaideekin. Joan den astean asanbladak egiten ibili ginen, eta horiekin batera, bozketak. Horrez gain, hainbat herritako greba batzordeetan egon gara lanean, eta gaia hainbat modutan sozializatu dugu, izan kartel, pankarta edo eskuorri bidez", azaldu du ELAko ordezkariak. "Hor gabiltza lanean enpresako asanbladetan zein herriko batzordeetan. Herriz herri aurrelanketak egiten ere ibili gara, komertzio zein erakundeekin. Horrez gain, eguna bera ere prestatzen ibili gara; bereziki, mobilizazioak", gaineratu du Llodiok.

Bestelako sindikatuen bultzada

Greba deitzaileen artean ez egon arren, hainbat sindikatuk irakurketa propioarekin eman diote bultzada greba deialdiari. ESK, CNT, CGT eta Solidari sindikatuak eta EHKS dira, esaterako, grebari babesa eman arren modu independentean landu duten eragileetako batzuk.

Kasu batzuetan, mobilizazio propioak deitu dituzte, eta Debagoieneko langileak animatu horietan parte hatzera. EHKS Donostian mobilizatuko da, 11:00etan, Bulebarrean. Eragile hori CNTrekin batera mobilizatuko da Araban, 11:00etan, Gasteizko Andre Mari Zurian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak