Denboraldia une beroenean sartuta dela jokatuko dute Mondratek eta Eskoriatzak denboraldiko bigarren derbia, bihar, 17:15ean hasita, Musakolako kiroldegian. Sailkapeneko liderrak dira arrasatearrak, baina eskoriatzarrak azken urteetako denboraldi onena egiten ari dira, eta bi puntura besterik ez dute bigarren postua. 1-3 irabazi zuten moreek Fernando Muñoz kiroldegian jokatu zen joaneko partidua, eta bigarrenarekiko duten hamar puntuko aldeari eutsi gura diote aurrerantzean. Eskoriatzarrek, berriz, azken hilabeteetako bolada onari jarraipena eman, eta sailkapeneko oilarren artean egonkortzea izango dute helburu.
Bolada onean
Sasoi bete-betean iritsiko dira Arkaitz Riberaren eta Mikel Alkaideren mutilak asteburuko hitzordura; izan ere, etxekoek bi partidu besterik ez dute galdu denboraldi osoan, eta kanpokoek azkenengo bost partiduak irabazi dituzte. Duela bi jardunaldi galdu zuten denboraldiko bigarren partidua Riberarenek, baina entrenatzailea gustura gelditu zen taldearen lanarekin: "Itzuli oso bat galdu gabe egon eta gero galdu genuen Agurainen aurka. Porrot batzuk ondo etortzen dira adi egoteko, baina esan beharra daukat taldea oso kontzentratuta atera zela eta aukera asko izan genituela. Joan den asteko garaipena garrantzitsua izan zen derbiaren aurretik sentsazio onak berreskuratzeko". Alkaidek dio azkenengo partiduko garaipenak indarra eman diola taldeari: "50 segundo faltan 3-4 galtzen gindoazen, eta azkenengo 30 segundoetan lortu genuen laugarrena eta bosgarrena sartzea. Harmailetan poztasun handia sortu zuen horrek, eta halako garaipen baten ostean derbi bat jokatzea positiboa da taldearentzat. Motibatuta gaude, jokalari guztiek dute jokatzeko gogoa, eta oso ondo ari gara lanean. Izango ditugu partidua irabazteko aukerak".
Taldeen helburuak
Gora begira dago Mondrate liga hasieratik, eta Eskoriatza ere halaxe jarri da, azkenengo partiduetan lortutako garaipenekin. Igoera begiz jota dute arrasatearrek; izan ere, zortzi jardunaldi falta dira, eta 10 puntu ateratzen dizkio bigarren sailkatuari, eta lehenengo postuak ihes egiteko "gauzak asko okertu" beharko liratekeela dio Riberak. Eskoriatzarrek berriz, asteburuko hiru puntuak dituzte begiz jota, eta, hortik aurrera, Mondratek falta diren asteburuetan huts egitearen esperoan jarraituko dute, nahiz eta Alkaidek onartzen duen "zaila" izango dela moreek asteburu baten baino gehiagotan puntuak lagatzea, "urte osoko errendi- mendua kontuan hartuta".