Fagor Ederlaneko zuzendari nagusia da Jon Zuazo (1972, Bilbo). Ibilbide profesional osoa Fagor Ederlanen garatu du, izan ere, 31 urte daramatza kooperatiban eta hainbat esparrutan aritu izan da. Aretxabaletako lantegian hasi zuen bere bidea eta, besteak beste, 2019an Bergarako lantegiko zuzendari kargua hartu zuen. 2024az geroztik, enpresako zuzendari nagusia da.
Nolako urtea izan da 2025a?
Ona. Urtea ziurgabetasunez hasi genuen, baina oso garrantzitsuak izan diren hainbat urrats eman ditugu, eta horri esker urtea posizio sendo batean ixteko moduan gaude. Horren adibide, Duoli Technology talde txinatarrarekin aliantza sortu dugu, herrialde horretan hazkundea indartzeko; lankidetza horren ondorioz, Lieder Automotive enpresa bateratua sortu dugu baita, Borjako lantegia berriro martxan jarriz eta kotxeko egituren osagaietan gure presentzia industriala handitzea ahalbidetuz.
Automozioaren sektorea gorabeherak jasaten ari da azkenaldian; aldaketetan murgilduta dago, bereziki, motorren elektrifikazioa dela-eta. Zelan eragiten dio honek Fagor Ederlani?
Ibilgailuen elektrifikazioa ez da mehatxu bat Fagor Ederlanentzat, diskoak, mangeta-etxeak, transmisio edo egiturako beste osagaiak ibilgailu hibrido zein elektriko batean mantentzen direlako. Baina osagai horiek eboluzionatu egiten dira, operazioak gehituz, tamaina aldatuz edo material berriak erabiliz. Ederteken, gure teknologia zentroan, urteak daramatzagu roadmap teknologikoak lantzen. Teknologia nola garatuko den aurreikusten dute eta, horrek gure produktuak eta prozesuak etorkizunerako prestatzen ahalbideratzen gaitu.
"Ibilgailuen elektrifikazioa ez da mehatxu bat Fagor Ederlanentzat"
Zer ekoizten du, bereziki, Fagor Ederlanek?
Automoziorako burdinazko eta aluminiozko osagaiak fabrikatzen dituen enpresa kooperatiboa da. Gure jarduera hiru bloke nagusitan banatzen da. Batetik, frenoko eta esekidura-sistemako osagaiak (chassis); bestetik, motor eta transmisiorako osagaiak (powertrain) eta, azkenik, ibilgailuaren egiturako osagaiak.
Zein da zuen merkatua eta bezeria nagusia?
Gure bezeroen artean, automobilgintzako munduko marka nagusiak daude: BMW, Volkswagen, Mercedes-Benz, Tesla edota Toyota, besteak beste. Horri esker, haien beharrak gertutik ulertzen ditugu eta sektorearen eraldaketa historiko honetan dituzten erronkei aurre egiten laguntzen diegu. Merkatuari jarraitzeko borondateak eramaten gaitu gure bezeroei beraiek behar duten tokian eta unean erantzutera; horregatik ditugu lantegiak Europa, Ipar Amerika, Hego Amerika eta Txinan.
Gaur egun, zenbat lantegi ditu Fagor Ederlanek; horietatik, zenbat Debagoienean?
Hemezortzi lantegi ditugu munduan eta, horietatik, bederatzi Debagoienean. Urtero 36 milioi osagai baino gehiago saltzen ditugu.
Zenbat langile dituzue?
Gure enpresan 3.350 pertsona gara; horietatik 2.200 Euskadin eta, 1.950, Debagoienean. Datu esanguratsua da. Izan ere, Debagoieneko hamar pertsona okupatutik ia batek (0,7) Fagor Ederlanen lan egiten du.
"1.950 langile ditugu Debagoienean; bailarako hamar pertsona okupatutik ia batek Fagor Ederlanen lan egiten du"
Geroago eta zailagoa da enpresetan talentua erakartzea, langile kualifikatuak aurkitzea. Zuen kasua ere hala da?
Bai, talentu kualifikatua erakartzea zailagoa bihurtu da, eta joera hori ez da aldatuko datozen urteetan. Industria sektorean profil tekniko espezializatuen eskaria oso handia da, eta enpresen arteko lehia bizia dago.
Nola egiten diozue aurre arazo orokor horri?
Egoera hau aurreikusi genuenez, azken urteetan neurri sendoak garatu ditugu. Batetik, enplegu kooperatiboa sendotzearen alde egin dugu; hau da, aurten 88 bazkide berri egin ditugu –horietatik 22 Udalaitzen zeudenak, birkokatutakoak–. Gaur egun Euskadiko lantegietako langileen %98a bazkideak dira eta, horien %76 behin betiko bazkideak.
Barne talentua garatzen ari zarete.
Bai, formakuntzan inbertituz, birkualifikazio-programak sustatuz (aurten 54 pertsonak hartu dute parte), eta ibilbide argiak eskainiz. Horrekin batera, barne promozioa indartu guran, aurten sortutako lanpostuen %80 barne promozio bidez bete dugu. Halaber, esperientziari balioa ematen diogu, tituluetan oinarritutako hautaketa zorrotzetatik aldenduz eta etxe barruko ezagutza eta ibilbidea balioan jarriz. Era berean, lan-esperientzia erakargarria eskaintzen dugula uste dut, teknologia berrietan, automatizazioan eta berrikuntzan espezializatzeko aukera.
Automozio sektorean bakarrik zentratzen da zuen ekoizpena?
Gure salmenten %97 automoziora bideratzen da, baina negozio berriak garatzen ere ari gara. Fagor Ederbatt mugikortasun elektrikorako goi tentsioko bateria-sistemak garatzen eta fabrikatzen dituen proiektua da, Orkli, Mondragon Assembly, SPRI eta Mondragon korporazioarekin batera sortua. Beste negozio bat Fagor Regen Aluminum da, ekonomia zirkularra sendotzen duena eta gure presentzia industriala Ipar Amerikan handitzen duena. Helburua argia da: gure egungo jardueraren, hau da, automoziorako osagaien fabrikazioaren arriskuetatik aldentzen diren negozio berriak garatzea.
"Gure salmenten %97 automoziora bideratzen da, baina negozio berriak garatzen ere ari gara"
Fagor Ederlanek Arrasateko Uribarri auzoan duen fundizio fabrika 2028rako ixteko asmoa agertu du kooperatibak eta hala jakinarazi zaie langileei. Zein da arrazoia?
Gure helburua beti da merkatuari jarraitzea eta bezeroek behar dituzten soluzioak behar dituzten tokian eskaintzea. Une honetan, diskoak tamaina handiagora eboluzionatzen ari direla ikusten ari gara. Markuleten, planta berriagoa izanik, makina moldatzaileak tamaina handiagokoak dira; aldiz, Uribarriko moldatzaileak tamaina txikiko diskoak ekoiztera bideratuta daude. Gure lana etorkizunari aurrea hartzea izanik, Diskoen ibilbide orria landu dugu. Hala, egun dugun informazioarekin, Uribarriko lantegiak 2028ra arte diskoak fabrikatzen jarraituko duela aurreikusten dugu, ekoizpen maila pixkanaka gutxituz, eta hortik aurrera ez luke fabrikaziorik izango.
"Uribarriko lantegiak 2028ra arte diskoak fabrikatzen jarraituko duela aurreikusten dugu"
Epeak, edozelan ere, zehatzak dira?
Ez, ezin ditugu guztiz behin betiko moduan hartu, merkatua izango baita erritmoak markatuko dituena, eta baliteke aldaketak egotea. Hala ere, horrek ez du esan nahi taldeko salmenta‑maila jaitsiko denik, gure bezeroekin hurrengo lau urteetarako kontratu‑zorroa itxita baitugu, eta salmenta‑bolumena bere horretan mantentzen da. Esaterako, Usurbilgo gure plantak tamaina handiagoko diskoak fabrikatzeko gaitasuna izango du, bezeroen beharrei erantzun ahal izateko.
Zenbat langile daude Uribarriko lantegian eta zer irtenbide emango zaie horiei?
100 langile inguru daude orain. Guretzat mezu garrantzitsuena da pertsonentzako plan bat prestatu dugula, eta gaur-gaurkoz Uribarrin lanean dauden pertsona guztiek izango dutela euren lekua Debagoieneko gure lantegietan. Uribarriko lantegian dagoen talentu guztia beharrezkoa dugu, eta, zentzu horretan, gure bazkide eta langile guztiak lehentasuna dira guretzat.
"Uribarriko lantegian dagoen talentu guztia beharrezkoa dugu, eta, zentzu horretan, gure bazkide eta langile guztiak lehentasuna dira guretzat"
Uribarriko lantegiak ez du ospe onik, bereziki, inguruko bizilagunen artean. Etxebizitzetatik gertu dago lantegia eta honen jardunak airea kutsatzen duela salatu izan dute bizilagunek.
Badakigu noizbehinka gure jarduera industrialaren inguruko iritziak argitaratzen direla, baina uste dugu benetako konpromisoa egunero, araudia betez eta arduraz jardunez, erakusten dela. Gure jarduera guztia ingurumen‑araudi zorrotza betez egiten dugu, eta administrazio eskudunen ikuskapen eta kontrol periodikoak betetzen ditugu.
Aurreiritzi horiek uxatzen lagun dezaketen proiektu batzuk azal ditzakezu?
Azken urteotan, teknologia hobekuntzak, efizientzia energetikoa eta emisio‑murrizketarako sistemak indartzen jarraitu dugu gure etengabeko jasangarritasun konpromisoaren barruan. Horren adibide da karbono isurien indizean A Zerrendan sartu garela, ingurumen kudeaketa eta gardentasun mailarik altuena aitortzen duen indizean. Lorpen horrek berretsi egiten du gure jasangarritasunaren aldeko konpromiso sendoa, baita dibulgazio zorrotza eta ekintza klimatiko eraginkorrak ere. Mundu osoan ebaluatutako 22.100 enpresetatik %4k bakarrik lortzen dute zerrenda esklusibo horretan sartzea, eta hori gure ingurumen estrategiaren sendotasunaren adierazgarri da.
EcoVadis sailkapenean, brontzea lortu duzue, ezta?
Urtero hartzen dugu parte eta, aurten ere, gure puntuazio globala hobetzea lortu dugu, 70 puntuekin eta brontzezko domina lortuz. Emaitza horiek Fagor Ederlan osatzen dugun pertsona guztien eguneroko lanaren isla dira, eta eredu gero eta arduratsuago, lehiakorrago eta jasangarriago baten alde egiten dugun apustuarena.
Uribarriko planta kokatzen den lursail horrekin –behin lantegia ixten denean, 2028tik aurrera– zer egingo duzue?
Une honetan ez daukagu gai horri buruzko erabaki zehatzik. 2028. urtea nahiko urrun dago eta hurbildu ahala, aukera desberdinak aztertzen joango gara. Gure jarduera garatzeko, industria‑lurzorua behar izaten dugu, baina era berean, agertzen diren alternatibak lantzeko prest gaude.
2026ko aurrekontua zenbatekoa da? Eta zein da 2026rako helburu nagusia?
Salmentak hartzen ditugu erreferentzia moduan. 2025a 525 milioi euroko salmentekin itxi dugu, eta 2026rako 565 milioi euroko salmentak espero ditugu, hau da, %8ko igoera. Gure apustua argia da: lehiakortasuna, dibertsifikazioa eta kalitatezko enplegua.
"2025a 525 milioi euroko salmentekin itxi dugu, eta 2026rako 565 milioi euroko salmentak espero ditugu"
Nola begiratzen diozue etorkizunari?
Errealismo eta konfiantzarekin. Badakigu datozen urteek erronka asko ekarriko dituztela, baina baita aukera handiak ere, aurrea hartzen eta eraldatzen dakitenentzat. Ziur gaude elkarlanean jarraituz balio erantsi handiko industria-soluzioak eskaintzen jarraituko dugula, gure lehiakortasun globala indartuz eta etorkizuneko belaunaldiei proiektu sendoago, berritzaileago eta iraunkorrago bat utziz.