Bergarak 1-5 irabazi du Debagoiena Bailararen aurkako derbia

Ibai Irasuegi Garai 2026ko martxoaren 8a

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailako 21.jardunaldiaren baitan, Debagoiena Bailararen eta Bergara K.E-ren arteko derbi debagoiendarra jokatu dute gaur arratsaldean Ibarra futbol zelaian. Bergarako taldeak 1 eta 5 irabazi du partidua, eta Aretxabaletan eskuratutako hiru puntuei esker, sailkapen taulako liderrak dira Manuel Ortizen neskak. 

Urdin kolorea izan du gaur arratsaldean Ibarran jokatu den Debagoieneko futbol derbiak. Bergararrak nagusi izan dira berdegunean partidu hasieratik, eta lehen zatiko 17.minutuan sartu dute lehen gola. Behin markagailua irekita, Ortizen neskek ongi baliatu dituzte erasoan izandako aukerak, eta errenta 0 eta 5era handitzea lortu dute. Azken minutuetan, Debagoiena Bailara finago aritu da erasoan, eta 86.minutuan Ane Barrenetxeak gola sartu du markagailuan 1 eta 5ekoa jartzeko. 

Sailkapen taulan, lider

Garaipenari esker, Bergara K.E Ohorezko Erregional Mailako liderra da 48 punturekin. Orain arte jokatu dituzten 21 partiduetatik 15 garaipen lortu ditu taldeak; horietatik sei, jarraian. Debagoiena bailaran taldea berriz, 10.sailkatua da 26 punturekin, eta emaitzei dagokienez, ez dira momentu onenak Ruben Blancoren neskentzako, izan ere, azken bost partiduak galdu dituzte. Dena dela, bailarako taldeak garaipena eskuratzeko aukera izango du hurrengo astean Elgoibar CD taldearen aurka. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak