Martxoak 8 (2026)

Kooperatibetan berdintasunaren alde egindako lana aitortu dute

Mirari Altube Arrese 2026ko martxoaren 8a

Aitortza jasotako emakumeak, Gasteizen egindako ekitaldian.

Ordezkaritza karguetan egon gabe euskal kooperatiben egunerokoan "giltzarri" diren emakumeak omendu zituzten Konfekoopek eta Kooperatiben Kontseiluak, joan den egubakoitzean Gasteizen egindako ekitaldian.

Konpromisotik aurrera eginez: kooperatiba gehiago, berdintasun gehiago leloa hautatu dute aurten Euskadiko Kooperatiben Goren
Kontseiluak  eta Euskadiko Kooperatiben Konfederazioak Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Eta enpresa kooperatiboek aurrera egin dezaten emakumeen eguneroko esfortzua, dedikazioa eta inplikazioa aitortu gura izan dituzte. "Aurten, ikusgai dauden eta erraz identifikatu daitezkeen espazioetatik harago begiratu dugu. Badakigu emakume askok, ordezkaritza karguetan egon gabe, gure kooperatiben egunerokoan funtsezko zeregina betetzen dutela edo bete dutela", hala adierazi zuen Kooperatiben Kontseiluko idazkari nagusi teknikoak, Belen Balerdik Gasteizen egindako aitortza ekitaldian.

Konfekoop-eko presidente Rosa Lavinek ildo beretik hitz egin zuen: "Kooperatibismoa ez da erabaki organoetan bakarrik eraikitzen, nahiz eta emakumeek organo horietara iristen jarraitzen dugun, enpresen lidergoa eta zuzendaritza eskuratzeko igo beharreko malda, batzuetan, oso aldapatsua bada ere. Kooperatibismoa, batez ere, ekipoetan eraikitzen da".

EAEko 50 enpresa kooperatibotako ordezkariak elkartu ziren ekitaldian. Emakume omendu guztien izenean esker hitzak izan zituen aitortzagatik Andere Arriolabengoa LKS Nexteko abokatu laboralistak eta LKS Nexteko berdintasun batzordeko kideak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak