Uarkape galdara bihurtu da beste behin ringeko borrokekin

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 7a

Zazpi klubetako 22 borrokalari pasa dira Uarkapeko lonaren gainetik gaurkoan, tartean hiru debagoiendar. Oier Muñoz bergararra izan da besoa altxatu duen bakarra. Ikuskizuna bermatuta egon da uneoro, eta boxeoa pil-pilean dagoen kirol modalitatea dela berretsi du bertan sotu den giroak.

Hamaika borrokaldi amateurretan lehenengoan, Oier Muñoz bergararrak Iparboxeko jokatu du Peio Corbachorekin. Debuta egin zuen etxean baina ez zitzaion nahi bezala irten. Bost hilabeteren ostean arantza kendu du. Bigarrenean bai, lortu du pozarren ospatu duen garaipena Muñozek.

Ondoren emakumezkoen arteko bi lehia etorri dira. Lehenengoan, Ainara Mendicuetak eta Alazne Manchak neurtu dituzte indarrak, eta bigarrenean, Alazne Rubiok eta Haizea Misol arrasatearrak. Aurkaria hasieratik oldartu zaio Misoli eta ez dio erraztasunik eman. Hala ere, bizi mantendu da uneoro, erasora jotzeko gogoarekin. Bukaerarako kolpe gehiago jaso ditu eta ezin izan du boxeo-ibilbidea garaipen batekin hasi. Dena den, gustura zegoela esan du gero: “Zailena egin dut, debutatzea. Oso gutxiren eskuetan dago hori eta hemendik aurrera gora egiten saiatuko naiz”.

Hamargarren borrokaldian iritsi da Iker Davila arrasatearraren txanda. Honek ere ezin izan du ukabila altxatu, Ixai Arruizek lan handia egin baitu hura neutralizatzeko. Davilak onartu du igarri dela nafarrak bera baino gehiago janzten dituela guanteak; hala eta guztiz ere, irabazletzat jo du bere burua epaileak kontrako erabakiaren berri eman duenean.

Azken borrokaldia kickboxing K1 modalitate profesioalean aritu dira aurrez aurre Anaitz Olaeta durangarra eta Arnaldo Morinigo barakaldarra. ISCA gerrikoa izan dute jokoan, eta ostikada latzak banatu dizkiote elkarri. Halako bitan oso minduta laga du Olaletak Morinigo, baina inork espero ez zuenean lurretik altxa eta jarraitzeko kemen erakutsi du. Entrenatzailea izan da izkiñatik toalla bota duela, gerrikoa durangarrak janztea ekarriz.

Kalitate handiko lehiak

Sorabox, Iparbox, Zumaiaboxing, Zamudio, Indarbox, Neskabox eta Anoetako kideen arteko norgehiagokek herri askotatik etorritako zaleen orroak piztu dituzte askotan. Uarkapeko burrunbak gora egiten zuen ukabilkada garbi bat gertatzen zen bakoitzean. Laugarren aldia da udal pilotalekuak ringeko dueluak hartzen dituena. Boxeolariek maila handia erakutsi dute, eta neurketak oso parekatuak izan dira, oro har. Horixe azpimarratu Ixa Rodriguezek, Soraboxeko entranatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak