Profesionalki, nor da Pepa?
Psikologoa eta sexologoa naiz. Kontsulta klinikoan lan egiteaz gain, nire ibilbidearen zati handi bat emakume-taldeekin eta genero-indarkeriaren arloan egin dut, bai esku-hartzean, bai prestakuntzan. Emakumeen osasunak eta generoen arteko desberdintasunak nola eragiten duen ulertzea izan da nire lanaren ardatza.
Zergatik emakumeen problematika erdigunean?
Beti interesatu izan zait generoaren eraikuntzak, gure bizitzetan duen eragina. Ikasle nintzela jada inguru feministetan elkartzen nintzen eta galdera asko nituen: Nondik dator desberdintasuna? Nola eragiten du genero zapalkuntzak emakumeen osasunean? Nire ibilbidea galdera horietatik sortu da.
Arrasaten egin zenituen emakume-taldeekin lehen urratsak?
Aurretik lanean aritu nintzen Euskal Herritik kanpo; formakuntza bat eman nuen Madrilen, Valentziako kide batzuekin, eta horren bidez iritsi zen nire lana Arrasatera, Maite Barreña Berdintasun teknikariarengana. Garai hartan, berdintasun sailak sortzen ari ziren, baina ez zegoen emakume etxerik. Arrasaten egindako lehen tailer batek harrera ona izan zuen, eta, handik aurrera, urtero proiektu berriak jarri genituen martxan. Beraz, bai, nolabait, Euskal Herrian ateak ireki zizkidan.
Benetako berdintasuna ez dator bat printzipioz izan beharko lukeenarekin, eta arriskutsua da pentsatzea legeekin nahikoa dela, praktikan lan handia dago-eta egiteko
Zer aldatu da ordutik hona?
Gizartea aldatu da, nahiz eta ez espero bezain azkar, gizarteek eta egiturek nahi baino denbora gehiago behar baitute aldaketak sortzeko. Lege mailan aurrerapauso handiak eman dira, eta emakume etxeen sorrerak ere mugarri izan ziren, emakumeen lanak aitortza eta espazio propioa lortu baitzuen; orain, horiek ezinbesteko espazio bilakatu dira, emakumeen ahalduntzeari dagokionez, besteak beste. Dena den, benetako berdintasuna ez da oraindik iritsi; indarkeria, soldata-arrakala eta rol tradizionalen erreprodukzioa hor daude. Benetako berdintasuna ez dator bat printzipioz izan beharko lukeenarekin, eta arriskutsua da pentsatzea legeekin nahikoa dela, praktikan lan handia dago-eta egiteko.
Zer da ahalduntzea?
Ahalduntzea prozesu bat da. Kontzientzia hartzea da: ulertzea bizi izan ditugun diskriminazioak ez direla indibidualak, egiturazkoak baizik. Gure sinesmenak eta sozializazioa berrikustea eta harremanak beste modu batera eraikitzen jakitea da. Ez da bakarrik "ezetz" esaten ikastea; gure bizitzetan eta kolektiboan erdigunea hartzea da. Horregatik, gelditu, hausnartu eta tresna berriak eskuratzeko espazioak dira jabetze-eskolak eta haien baitan eskaintzen diren ikastaroak.
Zer aurkitu daiteke ikastaroetan?
Ikastaro bakoitza desberdina da egoeraren eta testuinguruaren arabera; gizartearen eraldaketarekin batera, bilakaera jasan dute. Arrasaten martxan dagoen batean maitasunari buruz ari gara, geure buruari uko egin gabe maitatzeko eredu bat landuz eta imajinatuz. Bestea, aldiz, emakumeek historian izan duten eginkizuna aitortzeko prozesua da, baita emakumeen arteko harremanak, zailtasunak eta zauriak lantzeko espazioa ere. Saio guztien oinarrian lanketa pertsonala eta kolektiboa daude, errealitateari ikuspegi feministatik erreparatzeko moduak landu eta batera ahaldunduz.
"Bizitza zaintzen eman ostean, jabetzen dira beren burua ez dutela inoiz erdigunean jarri"
Zein da ikastaro horietara joaten den emakume-profila?
Urte luzez, 50 urtetik gorako emakumeak izan dira gehienak. Bizitza osoa zaintzan eman ondoren, askok sentitzen dute beren burua inoiz ez dutela erdigunean jarri. Ondoezarekin etorri izan dira: antsietatearekin, depresioarekin edo hutsune sentsazioarekin. Taldean ulertzen dute ez daudela bakarrik, eta horrek eraldaketa abiarazten du. Nabarmentzekoa da lehen emakumeak triste, depresioarekin, etortzen zirela; orain, geroz eta gehiago amorruarekin edo haserre datoz. Sentimendu indartsua da hori, energia ematen duelako borrokan jarraitzeko.
Emakume gazteagoak badoaz?
Gero eta gazte gehiago datoz; maiz, haien kezkak bestelakoak dira: lan-munduko aitortza falta, prekarietatea, sexualitatea, amatasuna... Askok uste dute berdintasuna lortuta dagoela, baina beren bizitzetan desberdintasunak beste modu batzuetan agertzen dira: "Ez naute entzuten"; "Ez naute berdin baloratzen". Gizarte eraldaketarekin, kezka eta errealitateak aldatzen doaz, eta begirada zorrotzagoa izan behar da. Indarkeria forma berriak ere agertu dira; sare sozialak, adibidez.
Zein eginkizun dute sare sozialek?
Kontrolerako tresna berriak dira, baita tratu txar psikologikoak publiko eta iraunkor bilakatzeko forma ere. Jazarpenak, sareekin, muga fisikoa gainditu du. Gazteen artean normalizatuta dauden jokabide batzuk – kontrola, presioa– ez dira beti indarkeria gisa identifikatzen. Berdintasuna lortu den sentsazioa izanda, are gehiago findu behar dugu begirada.
"Une historiko konplexuan gaude, diskurtso matxistak eta gizarte patriarkala berrarmatzen ari dira"
Zeintzuk dira Martxoaren 8ko aldarrikapenak?
Une historiko konplexuan gaude, diskurtso matxistak eta gizarte patriarkala berrarmatzen ari dira. Sareetan manosfera izeneko fenomenoa dago eta diskurtso horiek jende gaztea asko ari dira nahasten, informazio faltsuak oso azkar zabaltzen baitira. Horregatik, kalean egotea ezinbestekoa da: hemen gaudela eta berdintasuna eskatzen jarraitzen dugula erakusteko. Pedagogia egin behar dugu, feminismoa gizarte justu baten proposamen gisa azalduz. Uste dut feminismoak edozein pertsona limurtu beharko lukeela, gizarte justu baten proposamen baita, Martxoaren 8an eta beti.
Etorkizuna nola ikusten duzu?
Baikorra eta positiboa naiz, bizi-iraupenagatik bada ere. Lortutako eskubideak desegitea ez da erraza izango. Baina patriarkatua oraindik agerian dago, eta estrategiak berritu egin beharko ditugula aurreikusten dut. Bide luzea egin dugu, eta horrek itxaropena ematen dit. Pedagogian, hausnarketan eta aliantzetan arreta jartzen jarraitzea izango da gakoa.
Zer da zure lanetik gustukoena?
Emakumeengandik ikasitakoa. Istorio anonimo baina indartsuak, erresilientzia eta jakinduria handidunak jaso ditut urteetan zehar. Taldeetan sortutako sare sentsazioarekin gelditzen naiz, asko garela eta batera gaudela jakitearekin