Estatu Batuetako euskal diasporako ehundik gora ahots bildu ditu Badihardugu euskara elkarteak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 5a

Badihardugu euskara elkarteko kide Idoia Etxeberria eta Itziar Sapsootham Maria Dolores Etxebarria elkarrizketatzen.

Ahotsak-en Diasporako Ahotsak egitasmoan 106 euskaldunen testigantzak bildu dituzte AEBn Badihardugu euskara elkarteko kide Idoia Etxeberria eta Itziar Sapsoothamek. Guztira, 100 grabazio-ordu baino gehiago batu dituzte. Proiektuko lehendabiziko edukiak ikus daitezke egitasmoaren webgunean.

Euskal Herrian hasi ziren elkarrizketekin, euskal diasporan bizi izan direnak eta bisitan datozenak elkarrizketatzen, baina, hilabete eta erdiz AEBn izan dira Idoia Etxeberria eta Itziar Sapsootham bizipenak jasotzen: Idaho (31 elkarrizketa), Oregon (1), Utah (6), Nevada (29) eta Kalifornia (39). Guztira, 37 emakume eta 69 gizonezko elkarrizketatu dituzte.

Badiharguko kideek azaldu dute AEBra egindako bidaia "maratoi bat" izan dela, "nekagarria baina oso esperientzia ederra". Euskal komunitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute eta oso aberasgarria izan da. "Toki guztietan beso zabalik hartu gaituzte eta oso eskertuta gaude izandako harrerarekin". Egon diren toki guztietan izan dituzte laguntzaileak elkarrizketak lotzeko eta, azkenean, aurreikusitakoa baino elkarrizketa gehiago egin dituzte.

Bestalde, Ziortza Olanok, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak, euskal diasporako ahotsak Euskal Herrira ekartzearen garrantzia azpimarratu du, euskara AEBn bizirik mantendu delako: "Ozeanoa zeharkatu zuten migratzaileekin iritsi zen hara eta bertan egonkortu, inguru anglofono hartan, jatorrizko ezaugarriak galdu gabe. Hizkuntzak komunitatearen kohesioa eta kultur transmisioa posible egin ditu, euskal ohiturak eta mundu-ikuskera bizirik mantentzea". Olanoren arabera, "egokitzapen eta jarraipen prozesu bat da: kultur nortasuna garatu egiten da eta testuinguru berrietan integratu, desagertu gabe. Estatu Batuetan euskara ez da ikur estatiko bat, baizik eta bizirik mantendu duten eta belaunaldiz belaunaldi harrotasunez zabaldu duten ondare bizia".

Diasporako Ahotsak ekimenaren helburu nagusia da euskal diasporako euskaldunen testigantzak batzea, belaunaldiz belaunaldi diaspora osatu dutenena: haien bizipenak, euskararekin duten harremana eta Euskal Herriarekin duten lotura.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak