Oihana Aranak, Haizea Aranak, Larraitz Trojaolak, Ane Zuazubiskarrek eta Olatz Zuazubiskarrek osatzen duten Leintz taldeak eskuratu zuen eskualdeko finalerako txartela Bergarako kartzela zaharrean otsailaren 21ean jokatutako kanporaketan, eta Uxue Igartuak, Lide Arregik, Maider Arregik, Mirari Sagarzazuk eta Nerea Etxezarretak osatzen duten Oñatiko Mikaela Mentu boskotea izan zen irabazle Aretxabaletako Karmele Igartua aretoan otsailaren 28an jokatu zuten kanporaketan. Bada, bi talde horiek izango dira martxoaren 14an Antzuolako gaztetxean 17:30ean hasita jokatuko duten Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako Debagoieneko finalean aurrez aurre.
Ezohiko argazkia oholtzan
Boskote indartsua osatu zuten Leintz taldekoek, "finalera heltzeko helburuarekin". Honela azaldu du Leintz taldeko kide Haizea Aranak: "Egia esan, ez da sorpresa izan finalera iristea, hasieratik zen gure helburua gutxienez finalera iristea. Oso pozik gaude osatu den finalarekin, uste dut ezin genuela final hoberik irudikatu. Emakumeekin eta genero disidenteekin osatutako bi talde gara. Azken urteetan Euskal Herrian, orokorrean, eta bertsolaritzan, konkretuki, egin den lanketaren erakusle bat da datorkigun finala". Mikaela Mentu taldekoentzako, berriz, "ezustekoa" izan da finalerako txartela eskuratzea. Hauxe dio taldeko Lide Arregik: "Oso pozik gaude! Hiru taldeak oso berdinduta ibili ginen Aretxabaletako saioan zehar; beraz, sustotxo polita hartu genuen irabazle ginela esan zigutenean. Final polita geratu da; Aranak esan dituen arrazoi horiez gain, belaunaldi eta maila askotariko bertsolariak izango garelako taularen gainean".
Lehiatzera eta dibertitzera
Bi talde finalistetako kideak bat datoz: "Lehiatik haragoko" finala izango da. "Ezeren gainetik, finala dibertigarria eta erosoa izatea espero dut. Saio polita izango delakoan nago, lehiakortasuna alde batera utzita ekin nahiko nioke saioari; izan ere, osatu dugun finala bada nahikoa garaipen", dio Haizea Aranak, eta zera gaineratu du Lide Arregik: "Debagoieneko bertso eskolen artean harreman polita dugu; horrenbestez, laguntasunez betetako finala izango dela esango nuke. Lehiaketa bat da; hortaz, lehiatzera goaz, baina ez horretara bakarrik, lagunartean zerbait polita egiteko gogoarekin ere bai".
Lehiatik haragoko final dibertigarria egitera doaz bi taldeak Antzuolako gaztetxera
Finalak emango duena ikustear, gustuko txapelketa ari da izaten orain artean bientzako: "Ez nuen Aretxabaletako saioan egoteko aukerarik izan, baina han egondako kideek esan didate giro ederreko saio polita izan zela, eta hala izan zen Bergarakoa ere. Bailarako bertso-munduko kideok elkartzeko eta saretzeko balio du txapelketak", dio Aranak, eta zera gaineratu du Arregik: "Lehia sanoa egon da, eta hala izango da finalean ere".
Bertsoa saioa eta gehiago
17:30ean hasiko da finala, eta dohainik da sarrera. Ostean, jarraitu egingo du festak: poteoa egingo dute 19:00etan, 22:00etan Zatekeen taldearen erromeria izango da, eta ondoren DJ Be- zoren emanaldia.