Martxoak 8 (2026)

Begoña Eraña eta Tril Emakume Taldea omenduko dituzte Aresko martxan

Imanol Beloki Unamuno 2026ko martxoaren 6a

Begoña Eraña (Eskoriatza) eta Lurdes Llodio, Mila Zubizarreta, Gemma Zabala eta Jasone Gorroño (Aretxabaleta) oinez.

Domekan, beste urte batez, emakumea eta kirola indartzeko asmoz, Aresko Emakume Martxa egingo dute, Eskoriatza Kirol Elkarteak eta UDAk elkarlanean antolatuta. Aurten zortzigarren edizioa izango da, eta, Emakumeok bidea eraikiz! lelopean, Aretxabaletatik Eskoriatzarako noranzkoan egingo dute bidea, 12:00etan. Oinezko bidea hastean eta amaieran omenaldiak egingo dituzte: Aretxabaletan Tril Emakume Taldeko kideek jasoko dute aitortza, eta Eskoriatzan, berriz, Begoña Erañak.

Tril Emakume Taldea izango da Aretxabaletan aitortza jasoko duena martxa abiatu aurretik. "Tril 1994an sortu zen, Loramendi elkartearekin batera, Aretxabaletan emakumeen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Astero biltzen hasi ginen euskaraz hitz egiteko, eta gero, feminismoaren eta bestelakoen ikastaroak hasi ginen antolatzen, gaur arte", adierazi du Jasone Gorroñok, Tril Emakume Taldeko kideak. Hala, gaur egungo mugimendu feministaren aitzindaritzat har daiteke Aretxabaletan Tril Emakume Taldea, eta horren adierazle da txoko feministari ere Tril izena jarri diotela, saretze eta ahalduntze gune izateko asmoz.

Aitortza Erañari

Eskoriatzan, berriz, Begoña Eraña izango da Eskoriatza Kirol Elkarteak omenduko duen emakumea. 80ko hamarkadan Atxorrotx gobernuz kanpoko erakundean aritu zen, eta Hego Amerikan eta Boli Kostan lankidetza-proiektuetan parte hartu zuen. 1992an, San Viator ikastetxeko fraideekin batera, familia bosniarrak hartzen lagundu zuen. 2008ko krisian, Caritasen bidez herriko familiei babesa eman zien… Musikan ere konprometitua izan da; izan ere, 14 urtez Gorosarri Abesbatzako kide izan zen eta, gaur egun, Beheko Errota Musika Eskolarekin jarraitzen du. Bi agintalditan zinegotzi ere izan da Eskoriatzako Udalean, eta euskararen aldeko ekimenetan ere parte hartzen du; adibidez, Korrikan. Hala ere, hark azpimarratu du ekimen guztietan laguntzaile aritu dela, antolaketa-lanak bere gain hartu gabe, eta ez duela protagonismorik nahi. "Taldean egin dira aitortzen dizkidaten ekimen horiek guztiak. Beraz, eskerrak eman eta aitortza proiektu hauetan parte hartu duten guztiei eman beharrean gaude. Atxorrotx GKEko urteak eta Boli Kostan 300 haur baino gehiago eskolatzen lagundu izana izan dira berezienak".

Begoña Eraña (Eskoriatza) eta Lurdes Llodio, Mila Zubizarreta, Gemma Zabala eta Jasone Gorroño (Aretxabaleta).

Aldarrikapen eguna

Martxoaren 8ko lehenengo ekintza nagusia izango da Aresko Emakume Martxa, baina, ondoren, Mugimendu Feministaren bazkaria egingo dute Egokiena elkartean; 17:30ean, elkarretaratzea izango da, trikitilariek lagunduta; eta 18:00etan, manifestazioa, Fernando Eskoriatza plazatik abiatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak