Martxoak 8 (2026)

Errolda soziala, oinarrizko eskubideak eskuratzeko irtenbidea

Amaia Txintxurreta Guridi 2026ko martxoaren 6a

Hiru emakume, Arrasateko Erdiko kalean, eguazten eguerdian.

Debagoieneko Mugimendu Feministak errolda soziala ezartzearen beharra jarri du mahai gainean, udal erroldatik kanpo geratzen diren herritarren egoerari erantzuna eman ahal izateko.

Erroldak administrazio publikoarekiko ate nagusietako bat irekitzen du: osasun txartela, gizarte prestazioak edota erregularizazio prozesuak abiatzeko oinarrizko baldintza da, besteak beste. Hala ere, etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten herritar askok eta askok ezin dute izenik eman udal erroldan, eta, ondorioz, hainbat eskubidetarako aukera ixten zaie.

Egoera horri erantzuteko, Debagoieneko Mugimendu Feminista errolda soziala martxan jartzeko lanketa egiten hasi zen iaz, azaroan, Arrasaten izan zen kasu batetik abiatuta.

Administrazioaren ardura

Gaia lantzen dabilen Debagoieneko Mugimendu Feministako kide da Luciana Alfaro, eta, haren esanetan, "errolda administrazioaren ardura da eta pertsona guztiei bermatu beharko lieke udalerri batean izena emateko aukera hori". Hala ere, praktikan, etxebizitza egonkorrik ez duten pertsonek –bereziki, etxeko langile moduan barne-erregimenean diharduten emakume migratuak– "oztopo handiak" izaten dituztela adierazi du.

Alfarok gaineratu du maiz gertatzen dela familiek etxean bizi den langilea ez erroldatu nahi izatea, "oinarririk gabeko beldurrengatik edo ondorio administratiboen inguruko zalantzak dituztelako". Antzeko egoera bizi dute lagunen edo senideen etxean bizi direnek ere; kasu askotan, etxebizitzaren jabeek ez dute erroldan pertsona gehiago agertzerik nahi, esaterako. Ondorioz, pertsona horiek ezin dute beren bizilekua ofizialki egiaztatu.

Errolda soziala

Horri guztiari aurre egiteko planteatzen den tresna da errolda soziala. Neurri horren bidez, udalak berak aitortuko luke pertsona bat udalerrian bizi dela, nahiz eta ohiko etxebizitza kontraturik edo jabetzarik ez izan. "Helburua da etxebizitzarekin lotutako zailtasunak izan arren inor ez uztea erroldatik kanpo", nabarmendu du Alfarok.

Errolda soziala lantzeko eta aurrera eramateko nahia ez da hutsetik sortu. Alfarok esan du Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan badirela kanpainak, eta Euskal Udalen Elkarteak (Eudel) argitaratutako dokumentu batek irizpide bateratuak proposatzen dituela egoera berezietan erroldatzeko: etxebizitzarik gabeko pertsonak, infraetxeetan bizi direnak eta erroldatzeko oztopo administratiboak dituztenak, besteak beste. Dokumentu hori sarean irakur daiteke eta izenburu hau darama: Egoera berezietako erregistroa egiteko irizpide komunak.

Dokumentuak zehazten du, esaterako, bizileku "atipikoetan" bizi diren pertsonak –karabanetan, alokairu informalean edo etxebizitza partekatuetan– ezin direla sistematik kanpo utzi.

Debagoienean jartzeko nahia

Debagoienean, kanpaina Arrasateko Mugimendu Feministatik abiatu zen, eta pixkanaka-pixkanaka eskualdeko beste herri batzuetara zabaltzen ari da: Aretxabaletara, Eskoriatzara, Bergarara eta Oñatira, momentuz. "Beharrizan zehatz batetik abiatu ginen, baina laster ohartu ginen arazoa ez dela kasu isolatu bat, egiturazkoa baizik", azaldu du Alfarok.

Mugimenduak dagoeneko bildu du informazioa eskualdeko udaletan indarrean dauden irizpideei buruz. Haien arabera, udal batzuetan "malgutasun handiagoa" dago, eta beste batzuetan, berriz, "murrizketa zorrotzagoak" aplikatzen dira. Hurrengo urratsa Mankomunitatearekin bildu eta Eudelen gomendioak nola ezartzen ari diren aztertzea izango dela azpimarratu du Alfarok.

Garrantzi handiko gaia

Erroldaren garrantzia, mugimendu feministaren arabera, ez da formala soilik. "Erroldatuta ez bazaude, zailagoa da osasun txartela lortzea edo gizarte prestazio jakin batzuetara heltzea", gogorarazi du Alfarok. Baina bereziki azpimarratu du erregularizazio prozesuetarako duen pisua: "Atzerritartasun Legearen arabera, erregularizaziorako bidean erroldatuta egotea ezinbesteko baldintza da".

Hau da, pertsona bat egoera irregularrean egon arren, erroldatuta egon daiteke; baina haren egoera arautzeko, denbora jakin batez udal batean erroldatuta egon dela frogatu behar du. Horregatik, erroldarik gabe, bide administratibo oso bat ixten zaiola azpimarratu nahi izan du Alfarok.

Ikusgarritasuna eman nahian

Martxoaren 8aren testuinguruan, gaiari ikusgarritasuna ematea bereziki garrantzitsua dela uste du Debagoieneko Mugimendu Feministak. Izan ere, kaltetu nagusiak emakume migratuak direla azaldu dute; zaintza sektorean lan egiten dutenak, gehienbat. Hala ere, Alfarok zehaztu du ikuspegia zabalagoa dela: "Gure kezka ez da emakumeak direlako bakarrik, baizik eta politika publiko batek pertsona multzo bat kanpoan uzten duelako".

Herritarren rolari dagokionez, mezu argia bidali nahi izan du Alfarok: "Guztiok gara komunitate baten parte, eta inor ez uztea atzean aukera bat da bazterketa sortzen duten politikak aldatzeko". Udalek errolda soziala arautuz gero beldur asko desagertu egingo liratekeela uste dute; bitartean, badira jada etxean bizi diren pertsonak erroldatzeko pausoa eman duten herritarrak.

Mugimenduaren ustez, proposamena ez da legez kanpokoa, eta baditu oinarri juridikoak. Orain, udal bakoitzaren borondate politikoa eta egokitzapen gaitasuna dira giltzarri. "Eudelen dokumentua hor dago; udal bakoitzak bere errealitatera egokitu eta martxan jartzea da kontua", ondorioztatu du Alfarok.

Errolda sozialaren aldeko aldarria mahai gainean jarri du, beraz, Debagoieneko Mugimendu Feministak, eta datozen hilabeteetan erakundeekin elkarrizketak sakondu nahi dituzte. Helburua argia da: eskubideetarako atea inori ez ixtea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak