"Kontakizuna, egoera distopiko bat da, ez da aipatzen ez garai edo toki zehatzik, baina etorkizunean gaude. Gizakiak ipurdiko zuloa galdu du, eta horren eraginez, kaka egiteko ahalmenik ez du. Pertsona gehienek ez dakite oso ziur zer den kaka, batzuk zerbait entzunda dute eta beste batzuk ez. Eta bat-batean kaka mokordoa agertzen da plazan. Hortik abiatuta, zeinek egin duen jakitea, ze erantzukizun duen... hori guztia thriller eta komedia tonuan kontatzen da", dio Errastik.
Taularen gainean, lau aktore daude: Iñigo Aranbarri (Bergarako Mikel Laskurainen ordezkoa), Ainhoa Aierbe, Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala.
Arrasaten, zapatuan
Iazko azaroan estreinatu zuten Korrikak babestutako lana eta harrezkero Euskal Herriko toki askotan ari dira antzezlana eskaintzen. Debagoienean bi aukera izango dira Kaka antzezlanarekin gozatzeko: etzi, zapatua, Amaia antzokian eskainiko dute 19:30ean hasita, –Arrasate.eus atarian eskura daitezke sarrerak, hamar eurotan–, eta martxoaren 22an Aretxabaletako Arkupe kultura etxean.