Aramaioko Gantzaga auzoko Uxarte baserrian jarri du hitzordua GOIENArekin, leku “berezia” baita beretzat: baserrian duen tailerrean gordetzen ditu urteetan zehar askotariko egur, estilo eta tamainatan egin dituen lanak.
Zenbat lan dituzu Uxarteko tailer honetan?
Kontatzen hasiko banintz, zoratu egingo nintzateke, baina badira urteetan zehar egindako lan mordoxka bat, estilo guztietakoak: bi dimentsiotako lanetatik, ia edozein formatara eta ehundura guztietara. Hauxe da hogei urtetan egindako lanak jasotzen dituen bilduma.
Noiz hasi zinen taila egiten?
"Artearekin loturiko hainbat jarduerekin egin nuen proba, buztingintzarekin, adibidez, eta tailarekin gelditu nintzen azkenean"
Jubilatzean hasi nintzen taila egiten. Bizitza oso bat zortzi orduz lan egiten eman eta gero, heltzen da une bat non pentsatu behar duzun zer egingo duzun. Betidanik izan dut esku ona artearekin, eta, ingeniari teknikoa izatera, marrazketa egin dut bizitza guztian. Artearekin loturiko hainbat jarduerekin egin nuen proba, buztingintzarekin, adibidez, eta tailarekin gelditu nintzen azkenean. Izan ere, materiala ederra iruditzen zait, eta mota askotako lanak egin daitezke egur zati batekin. Gainera, ez du kontaminatzen, eta prozesua oso naturala da.
Argi zenuen artearekin lotuta egon behar zen zerbait izan behar zela?
Zer bestela? Bizitza bideratuta eta oinarrizko beharrak aseta izanda, argi neukan jubilatu ondoren arte munduan murgildu behar nintzela.
Nolakoak izan ziren hasierak?
Arrasateko Tailaginen Elkartean hasi nintzen, eta, bertan hiru urte inguru egon ondoren, ikusi nuen ezin nuela gehiago aurrera egin. Baina nik ikasten jarraitu nahi nuen, eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan onartu ninduten. Lau urtez egon nintekeen bertan, gehienez. Goizez joaten nintzen klasera. Gogoan dut arotza izandako irakasle bat nuela, eta harekin asko ikasi nuela; lehen gauza, eta garrantzitsuena, lanak egitearen arrazoia ezinbestekoa dela.
Egurrarekin lan egiteko, materiala ondo ezagutzea ezinbestekoa izango da, ezta?
"Edozein egur motak ez du balio edozein lan egiteko"
Niretzat oso garrantzitsua da, baina jendeak ez dio behar besteko garrantzia ematen. Egurra ondo ezagutzea ezinbestekoa da, izan ere, edozein egur motak ez du balio edozein lan egiteko. Noski edozein egur tailatu daitekeela, baina azken ukituak eta azken emaitza desberdinak izango dira, beti. Tailan beti egin behar da egurraren alde.
Hasi zinen, gustatu zitzaizun, eta horrekin jarraitzen duzu…
Niretzat oso garrantzitsua izan da lan bakoitzari bere zentzua aurkitzea, atsegina den zerbait egitea. Hori bai, egunero landu behar den zerbait da, egur zati bat mahai gainean utziz gero, pieza ez baita bakarrik egiten. Zeregin bakoitzak bere lana ematen du, eta hori da hemen ipini dudana: denbora.
Ze maiztasunekin joaten zara ARTEko tailerrera?
Egunero joaten naiz Arrasateko Tailaginen Elkarteko tailerrera. Nahiz eta Aramaion lan egiteko aukera izan, oso gustura egiten dut lan ARTEko tailerrean. Bertan, lagunekin elkartzen naiz goizero, eta kafe bat hartzen dugu zenbait kidek. Sozializatzeko leku bat da gutariko askorentzat, gaurkotasuneko gaien inguruan hitz egiteko espazio bat.
"ARTE sozializatzeko leku bat da gutariko askorentzat, gaurkotasuneko gaien inguruan hitz egiteko espazio bat"
Zenbat denbora suposatzen dizu taila lan batek?
Prozesuak hilabeteak iraun ditzake, baina kontuan izanda denbora tarte horretan burua okupatuta dagoela eta lana txukun gelditu dela, eskainitako denbora horrek guztiak ez du garrantzia handirik hartzen. Adibidez, tailerrean, Lewis uharteko xake piezak egin nituen: 32 piezazko xake bat, kaxa eta guzti. Gutxinaka, piezaz pieza, hasten zara, eta lan bakoitzak bere forma hartzen du denboraren bitartez.

Zer eman dizu tailak?
Asebetetze pertsonal handia; hori argi dago. Ezin da ezer egin gabe egon bizitzan geratzen zaizun denboran, eta, behin jubilatuta, lantegian emandako zortzi orduak beste zerbaiten eman behar dituzu. Gustatzen zaizun edo asebetetzen zaituen horrekin aurrera egin behar duzu; garrantzitsua da entretenituta egotea, ez aspertzea, eta norberaren aukeren eta gaitasunen arabera jarduera bat edo beste egitea.