Martxoak 8 (2026)

Bakarrik bizitzea modu positiboan baloratzen dute adineko emakumeek

Hasier Larrea 2026ko martxoaren 5a

Txostenaren aurkezpenean, parte hartu duten eragileak; tartean, Iratxe Herrero soziologoa eta Emakundeko zuzendari Miren Elgarresta.

Emakundek babestutako ikerketa batek bakarrik bizi diren adineko emakumeen egoera aztertu du EAEn. Ondorio nagusietako bat da iruditeria kolektiboan zabaldua dagoen ikuspegi negatiboa ez datorrela bat errealitatearekin.

Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik bizi diren adineko emakumeak: emandako baimen soziala? izeneko txostena argitaratu du berriki Emakundek, Emakumearen Euskal Institutuak. Iratxe Herrero eta Carlos Diaz de Argandoña soziologoek egin dute ikerketa eta atera duten ondorio nagusietako bat izan da bakarrik bizi diren adineko emakumeenganako estereotipoak ezabatzeko behar handia dagoela oraindik: "Gizartean, oro har, hedatuta dagoen ideia da emakume hauek triste bizi direla eta arazoak dauzkatela modu autonomoan jarduteko. Aitzitik, ikerketan elkarrizketatu ditugun emakumeek beste ikuspuntu bat partekatu digute, bakarrik bizitzea esperientzia positiboa dela, alegia. Asko errepikatu digute trebetasunak garatzeko eta gauza berriak egiteko aukera ona dela bakarrik bizitzea", azaldu du Herrerok. 

Horren harira, egoera horrek "autoestima eta autonomia hobetzen" lagundu diela adierazi dute elkarrizketatuek, gizarteari egiten dioten ekarpena agerian jartzearekin batera. Hala, zeharo indargabetu du emakume horiek gura gabeko bakardadea pairatzen dutelaren susmoa: "Askok ikaspenak, pozak eta askatasun sentsazioa aipatzen dute, desiratu gabeko bakardaderik sentitzen ez dutela argi utzita". 

Estereotipoek diotenaren aurka, "elkarrizketatuak izan diren hainbatek" azpimarratu dute "gaztetan egindako hautua" izan zela bakarrik bizitzearena. Beste asko, aldiz, alargun geratu ostean hasi ziren bakarrik bizitzen. Kasu horietan, ahalduntze-esperientziak bizi izan dituztela jarri dute mahai gainean: "Normala da alargundu eta gero triste egotea, baina denborarekin emakume asko berpizte-egoera batean murgiltzen dira, trebetasun berriak garatu ditzaketela konturatzen direlako. Honekin esan nahi duguna da bakarrik bizitzeak ez duela zertan bakarrik sentitzearen baliokidea izan. Uste hori errotuta dago gizartean, adineko emakumeei buruz zabalduta dagoen irudi estereotipatu bat da, baina ondorioztatu dezakegu ez dela zuzena".

Espazio propioa eraikitzen

Gainera, emakume horien eskubideak gizarteak berak murrizten dizkiela argudiatu du: "Genero-espektatibek eta genero-aginduek familia osatzera eta zaintzaile izatera eraman dituzte bizitzan zehar. Hori ikasi dute, eta ez zaizkie erraztasunak ipini bakarrik bizitzeko eta euren buruari espazioa eskaintzeko. Hala, sarritan pentsatzen dugu ahulak direla, eta haiengatik hartzen ditugu erabakiak, euren eskubideak murriztaraziz".

Halakorik ez gertatzeko oso garrantzitsua iruditzen zaio haien errealitateari buruz sentsibilizatzea eta genero ikuspegia txertatzea politiketan eta errekurtsoetan. Zera azpimarratu du Herrerok: "Egiten dugun eskaera nagusia emakume hauei bakarrik bizitzearen esperientziaz gozatzeko trebetasunak garatzen irakastea da. Orokorrean ez baitaude ohituta euren iritziak eta ideiak taldeetan zein erakundeetan aditzera ematera".

Baimen sozialak kaltetuta

Txostenak zalantzan jartzen du gizarteak emakume nagusi horiei bakarrik bizitzeko ematen dien baimena soziala: "Baimen hori ez da legezko baimena; kultura eta harreman sozialen bitartez sortzen den onarpena baizik. Hori horrela, emakume bat bakarrik bizi izan daiteke osasuntsu eta zoriontsu, baina gizartearen erreakzioak bere bizitza baldintzatu dezake".

Ikerketak adierazten duenez, emakume horiek adinkeriarekin eta generoarekin lotutako aurreiritziak gainditu behar dituzte. Txostenak konklusio eta gomendioak ere jasotzen ditu, helburu gisa gizarte ikuspegi irekiago eta inklusiboago bat sustatzeko: "Izan ere, azterlan hau ez da bakarrik akademikoa edo estatistikoa, gizarte politika eta inklusiorako abiapuntu gisa ulertzen dugu. Argi geratzen da adimen soziala eta giza esperientzien aniztasuna ebaluatzea ez dela soilik zenbakien kontua; kultura eta pentsamoldeak ere eraldatu behar direla".

Proposamen ugari

Herrerok dioenez, bakarrik bizi diren adineko emakumeak babestea baino gehiago, haien aniztasuna aitortzea, autonomia indartzea eta politika publikoak errealitate konplexuetara egokitzea da helburua: "Puntu horretara iristeko, komeni da erantzun paternalistak saihestea eta adinaren eta generoaren aurrean gizarte inklusiboagoa sustatzea".

Oinarrizko aldaketa gisa planteatu du gura gabeko bakardadea eta aukeratutako bakarkako bizitza bereiztea, adineko emakumeak eragile aktiboak izateko parte hartzeko guneak sustatzea, adineko emakumeek eskura dituzten baliabideak –gizarte-zerbitzuak, laguntza ekonomikoak, kultura-programa– ezagutzen dituztela bermatzea; bakardadearen aurkako politikek adineko emakumeengan duten benetako eragina ebaluatzea; edota bakarrik bizitzeko eskubidea aukera legitimo gisa onartzen duen diskurtso publikoa sustatzea.

GERO ETA GEHIAGO DIRA
 
 
Argitaratu dituzten datuen arabera, 65 urte baino gehiagoko 94.490 emakume bizi dira bakarrik Euskal Autonomia Erkidegoan, eta bakarrik bizi diren pertsona guztien artean %32,5 dira. Adin-taldeei dagokienez, banaketa orekatua ikusten da: 65 eta 79 urte bitartekoak dira %54,4; eta 80 urte eta gehiagokoak %45,6. Generoari dagokionez, aldiz, nabarmena da aldea: bakarrik bizi diren adinekoen artean, %72,1 emakumeak dira, eta %27,9 gizonezkoak.

 

Hala, emakume horien kopurua %28 handitu da azken hamarkadan. Herreroren esanetan, horrek adierazten du "bakarrik bizitzea gero eta garrantzi handiagoa duen bizi-estilo bihurtzen ari dela adineko emakumeen artean". Bilakaera horren atzean, batetik, "azken urteotan euskal gizartean izandako bizi-kalitatearen gorakada dago, eta, horrekin batera, emakume horiei euren etxean bakarrik bizitzeko aukera ematen dieten baliabideen gorakada". Bestetik, aldaketa soziodemografikoek ere pisua izan dute, "besteak beste, familia-eredu berriek, bizi-itxaropenaren gorakadak eta bikote-hausturen gorakadak". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak