Txapelketa jokatuko den lekua ezagutzen dute. Biak ala biak dira Real Sociedadeko atletak, eta hilaren 14an irabazi zuten taldeka jokatzen den Joma Kopa, lehen aldiz. Beraz, indartuta irtengo dira belodromora; nor bere helburuarekin, baina dominetatik gertu egoteko asmotan. "Azken hilabeteetan lantzen ibili garen alde teknikoa ondo exekutatu gurako nuke. Hori da helburu nagusia, eta, hori ondo eginez gero, emaitza etorriko da. Oso azkar sentitzen naiz, eta indartsu nago", aitortu du Carrascalek. 16,10eko jauzirekin doa Valentziara –han lortu zuen, urtarrilaren 31n–. "Ez dakit Jordan Diaz egongo den. Lehiatzen baldin bada, ez daukagu zereginik haren kontra. Beste maila bat dauka. Ez badago Valentzian, hiru atleta gaude 16 metro gainditu ditugunak: Ramon Adalia (16,33), Marcos Ruiz (16,21) eta ni. Badakit aurkarietako batzuk min hartuta daudela, eta eguna heltzen denean ikusiko dugu. Lehiaketaren egunean %100 ez bazaude, berdin da aurretik egin duzun guztia".
Diazek parte hartuko duen jakin barik, Carrascal parte-hartzaile guztien hirugarren marka onenarekin doa Espainiako Txapelketara.
Hautagai nagusia
Andoni Calbano 200 metroko probako hautagai nagusia da. Pista estaliko denboraldi honetan hirutan hobeto du Espainiako marka. Valentziara doa otsailaren 7an Salamancan lortutako 20.95 markarekin. "Aurten egindako markek esaten dute hautagai nagusia naizela, baina hori erakutsi egin behar da. Pozik noa, baina urduri ere
bai. Presio apur bat ere badaukat. Aurkari oso gogorrak izango ditut. Hiru lasterketa dira: kanporaketa, finalerdia eta finala; eta komeni zait kontzentratuta joatea, lehen minututik", azpimarratu du Calbanok.
Calbanoren aurkari nagusiak, haien markak aintzat hartuta, Daniel Rodriguez (21.06) eta Juan Carlos Castillo (21.07) izango dira. "Hirurak gaude hamarren batean. Rodriguezek bost aldiz irabazi du pista estaliko txapelketa, eta indartsu egongo da. Eta Castillo ezin dugu bistatik galdu. Hori guztiori kontuan hartuta ere, Espainiako Txapelketa irabaztea dut helburu, eta hori lortzen saiatuko naiz. Denboraldiaren amaiera bikaina izango litzateke".