Europak Israelekin duen Elkartze Akordioa eteteko sinadura bilketa abiatu du Debagoieneko EH Bilduk

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 26a

Debagoieneko EH Bilduko ordezkariak, Elgetan. Argazkia: EH Bildu.

EH Bilduk eta EH Baik –Europako Ezkerraren Aliantzan osatutako zortzi alderdi politikorekin batera–, Europako Herritarren Ekimena jarri dute martxan. Honekin, Europar Batasunari Israelekin duen merkataritza akordioa "bertan behera uztea" eskatu nahi zaio. Debagoienean, ekimenarekin bat egin eta sinatzeko aukera dago jada; telematikoki edo horretarako ezarriko diren gune presentzialetan.

Europar Batasunak Israelekin duen Elkartze Akordioa "osorik etetea" eskatzeko sinadura bilketa abiatu du Debagoieneko EH Bilduk. Izan ere, alderdi politikoaren esanetan, akordio honek "gerra-krimenak eta genozidioa egiten dituen Estatu bat legitimatu eta finantzatzen du", Israel giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen ari den bitartean".

EH Bilduk gainera, erabaki hori hartzeko ezin dela "gehiago itxaron" ere nabarmendu du, honako arrazoiengatik: Batetik, "zibilen hilketa eta herri baten aurkako sarraski jarraitua".  Bestetik, "milaka pertsonaren desplazamendu behartua". Gazako ospitaleen eta osasun zerbitzuen "suntsiketa sistematikoa" ere aipatu dute, baita "Laguntza humanitarioaren blokeoa". Azkenik, Israelek egindako "Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa larriak" ere gogoratu dituzte.

Europar Batasunaren "erantzukizuna"

Alderdi politikoaren ustez ,"Europar Batasunak indarrean mantentzen du Israelekin duen Elkartze Akordioa, harreman ekonomiko eta politikoak lehenetsiz bizitzen gainetik". Horregatik, beharrezkotzat jo dute "etsipenean erortzea nahi dutenen aurrean, herritarren aktibazioa". Horretarako, sinadura bilketa telematikoa abiatu dute, "munduko herrientzat itxaropen mezua helarazteko eta giza eskubideekin koherentea den Europa bat aldarrikatzeko".

Sinatzeko hitzordu presentzialak

Sinadura, esteka honen bitartez egin daitekeen arren, Debagoieneko EH Bilduk hainbat hitzordu presentzial antolatu ditu bailaran. Antzuolan, asteartetan bilduko dituzte sinadurak, Olaranen izango da, 17:30ean; Arrasaten, martxoaren 2an (16:00-17:30), martxoaren 4an (19:00-20:00) eta martxoaren 9an (17:30-19:00) egingo dira hitzorduak; Oñatin azkenik, martxoaren 5 eta 6an egingo dituzte sinadura bilketak, 18:00etatik 20:00etara. Arrasate eta Oñatiko sinadura bilketak, herri horietako EH Bilduko bilgunean egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak