Alor ezberdinetako profesionalek eta teknikariek osatutako epaimahai batek hala erabakita, Nhil musika talde aretxabaletarra eta Del Val –Arrasatekoa– izango dira Katapulta Tour Gipuzkoa programaren hamaikagarren edizioan. Gipuzkoako hainbat gune eta jaialditan lau emanaldi eskainiko ditu talde bakoitzak; horietako bat Kutxa Fundazioaren Kluba aretoan. Horrez gain, emanaldi bakoitzeko 500 euroko ordainsari garbia jasoko dute.
Aukeratutako artistek, bestalde, bideo promozional bat grabatuko dute, eta doan izango dute Musika Bulegoarekin lankidetzan egindako komunikazio, promozio, eszenografia, ekoizpen eta jabetza intelektualari buruzko prestakuntza-programa baterako sarbidea.
153 proiektu jaso dituzte
Aurten guztira, 153 izen-emate izan dira –128 musika-proiektu eta arte eszenikoetako 25–. Antolatzaileen esanetan horrek "programak pizten duen interesa eta tokiko sortzailentzat erreferente dela erakusten du". Era berean, hiriburutik harago dauden udalerrien presentzia, euskarazko proiektuen kopurua (96), 30 urtetik beherako kideak dituztenak (84) eta emakumeen parte-hartzea (90) nabarmendu ditu antolakuntzak.
Gauzak horrela, Nhil eta Del Val taldeekin batera; Femmm Vocal Jazz, Geminiss, Isora, Nuria Lopez Garcia, Kattalin eta Nenufarrak aukeratuak izan dira musika arloan. Arte eszenikoetan, ostera, Ander Sanchez, Sorginduak eta Teatro de Titeres izan dira hautatuak.