Gogoz, eta guztia emateko prest, heldu ziren bi taldeak Labegaraietako kantxara. Partida garrantzitsua zen Debagoieneko bi taldeentzat, playoff postuetan sartzeko lehia betean murgilduta bai daude, Arrasate Eskubaloiarekin batera.
Publikoaren babesa izan zuten etxekoek lehen unetik. Tentsioa eta lehia estu bezain parekatua izan zen nagusi partidaren hasieran, nahiz eta, bergararrak bi goleko aldea mantentzea lortu zuten denbora gehienean.
Tentsioa argi ikusi zen lehen zatiaren amaiera aldean. Bergarako zein Aloñako jokalari bana bi minutuz kaleratuak izan ziren elkarrekin izandako talka baten ostean. Oñatiarrek, gainera, bi jokalari gutxiagorekin egin behar izan zuten tarte bat, aurrez, beste jokalari bat ere bi minutuz kanporatua izan zelako. Azkenean, hamabi eta bederatziko emaitzarekin nagusitu ziren bergararrak lehen zatiaren amaieran.
Bide beretik hasi zen bigarren zatia, eta intentsitateak gora egin zuen minutuz minutu. Bi taldeek garesti ordaintzen zituzten akats guztiak. Azkenean, etxekoek hasieratik ateratako distantzia mantentzea lortu zuten, eta 22-20 irabazi zuten derbia.