1939an Oñatiko Santa Marina plazako Maletenean jaio zen Villar. Umetatik jaso zuen musikarekiko zaletasuna etxean, eta mundu honetan sakontzen joan zen, jotari batekin gitarra eta bandurria jotzen ikasi zuen arte. Geroztik, musikari lotuta egon zen bere ibilbidea. Garay enpresan hasi zen lanean, baina, gitarra irakasle ere jardun zuen.
1962ko abendutik 1963ko martxora bitartean, Donostian egin zen Artista Berrien II. Lehiaketan aurkeztu zen, bigarren saria eskuratuz. Hilabete batzuk beranduago, irailean, euskaraz kantatu zuen jendaurrean, Urretxuko Euskal Festaren egunean. Hamarkada hartan, Arrasate orkestina sortu zuen Felipe Vitoriarekin, Rafael Ortubairekin, Eusebio Gomezekin eta Pako Perezekin batera eta modan zeuden atzerriko kantuak euskaraz abesteari ekin zioten. Dantzalekuetara bideratutako euskarazko kantugintza modernoaren aitzindaritzat hartzen da geroztik. Bi disko grabatu zituzten Goiztiri diskoetxearentzat. Beranduago, Bergarako Arizona dantzalekuko orkestinan hasi zen kantari.
Ez Dok Amairu sortzeko Kursaalean egin ziren bileretan izan zen Villar, eta taldeak 1966an herriz herri eman zituen jaialdietan egon zen jotzen.
Musikaria izateaz gain, beste hainbat lan ere gauzatu zituen bere bizitzan zehar. Esaterako, Goenkale telesail arrakastatsuan aktore lanetan ibili zen urte luzez oñatiarra. Hainbat liburu eta saiakera ere idatzi zituen. Hauetan azkena Escuchando a mi alma. En un vuelo virtual sobre la memoria eleberria izan zen.