Mondragon Kongresuko presidente Leire Mugerzak Aspegiren Zuzendari-Profesional saria jaso du

Hasier Larrea 2026ko otsailaren 20a

Leire Mugerza, eskumatik hirugarrena, ordezkari instituzionalekin eta Eider Sanchez saridunarekin.

Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresaburu eta Zuzendarien Elkarteak (Aspegi) 11. sariketa ospatu du Donostian, Gipuzkoako
emakume enpresaburu eta zuzendarien talentua eta lidergoa omentzeko helburuz. Mugerzak ez ezik, Eider Sanchez Naru-ko kofundatzaile eta CEOak ere jaso du aitortza, kasu honetan, Enpresaburu saria.

200 pertsona baino gehiago bildu ditu Hemen bazara leloarekin garatu den ekitaldiak. Ordezkaritza instituzional zabala izan du, "eta horrek Aspegik gizarte berdinzaleago baten alde egiten duen lana berresten duela" adierazi dute antolatzaileek. Ekitaldiak enpresa-sarea "benetako berdintasunerantz eraldatzen jarraitzeko ekintza-dei gisa" balio izan du.

Bi sarietako bat Leire Mugerzari eman diote. 2022tik Mondragon Kongresuko presidente, Industria-ingeniari teknikoa eta Kooperatiba-zuzendaritzan masterduna da, eta, saria emateko zergatien artean daude, besteak beste, "bere ibilbidea kooperatibismoari erabat lotuta egotea, eta estatuko gobernantza sozioekonomiko eta laboralean figura estrategikoa izatea –Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko (EGK) kidea eta Ekonomia Sozialeko Emakume Liderren taldeko kidea ere bada–", Aspegiko ardurandunen esanetan. 

Mugerzak sakoneko aldaketa kultural baten beharra azpimarratu du saria jasotzerakoan: "Asko egin dugu aurrera: legeak daude, berdintasun-planak eta gizarte-kontzientzia handiagoa. Baina erronka nagusia kulturala da. Emakumeek libreki erabaki ahal izatea lortu behar dugu, besteen aurreiritziekin kargatu gabe, eta gizarteak erabaki horiek errespeta ditzala. Aldaketa hori gabe, aurrerapen formalak ez dira nahikoak izango".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak