Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Dominguezek eman du datuen berri Donostian egindako prentsaurrekoan. Lurraldebusen balantzea egin du, eta 2025a 31,2 milioi bidaiarekin itxi duela iragarri du.
Erabilerari buruzko datuei dagokienez Avanza enpresak zerbitzu ematen duen lineen artean gehien erabili direnak honako hauek izan dira: DO01 (Donostia>Zarautz>Bilbo), 1,8 milioi bidaiarekin (+%10,05), DG05 (Gasteiz>Eskoriatza>Eibar), 676.000 bidaia baino gehiagorekin (+%4,09) eta DG10 (Eskoriatza>Arrasate>Beragara), ia 645.800 bidaiarekin (+%0,02).
Era berean, zehaztu gura izan du azken urtean 5.803 errefortzu eta 304 zerbitzu berezi egin direla Debagoienean.

68,4 milioi euro inbertsiotarako 2026an
Erabiltzaileen profilari dagokionez hamarretik sei baino gehiago, % 60,11 hain zuzen ere, emakumeak dira, eta % 39,89 gizonak.
Dominguez diputatua pozik agertu da datuekin: "Horiek erakusten digute pertsonak erdigunean jartzen dituzten eta erabiltzaileen beharrak kontuan hartzen dituzten garraio publikoaren erabilera sustatzeko neurriak hartzen direnean, herritarrek bikain erantzuten dutela". Nabarmendu du "garraio publikoaren aldeko apustu garbia egin izana" 2025ean, 61 milioiko aurrekontuarekin: "Lurraldebusen, zerbitzua hobetzeko eta linea berriak eskaintzeko. Gainera, errefortzuen eta zerbitzu berezien aldeko apustuari eutsi diogu, eta gure autobusak berritzeko inbertsio handia egin dugu".
Agintaldia hasi zenetik, Foru Aldundiak zazpi autobus gehiago jarri dituela Avanza enpresan –70 izatetik 77 izatera pasatuta– gogorarazi gura izan zuen, eta, gaineratu autobusen % 74 berritu direla, zortzi urte izatetik hiru baino gutxiago izatera igaroz: "Horrek guztiak gure historiako urterik onena ixteko aukera eman digu".
Ildo beretik, 2026an zerbitzuak zabaltzeko eta hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa agertu du, horretarako, Lurraldebusek 68,4 milioiko aurrekontua izanik: "Inoiz ez du horrenbesteko inbertsiorik izan Gipuzkoako garraio publikoak, eta apustu horri esker, helarazten ari zaizkigun premiei aurre egiteko aukera dugu, gainerako erakundeekin, gizarte-eragileekin eta, oro har, herritarrekin lankidetzan jardunda".