Debagoieneko langabeen %53k 45 urte baino gehiago ditu, eta, horren atzean, adinari lotutako aurreiritziak egon daitezkeela diote jardunaldiaren antolatzaileek: "Enplegatzaileek askotan baztertu egiten dituzte esperientzia eta gaitasun handiko profesionalak, eta horrek zaildu egiten du, aldi berean, enpresek behar dituzten profilak aurkitzea". Programaren bidez, pertsonen gaitasunak eta ibilbidea lehenetsi nahi dira, adina alde batera utzita eta kontratazio-oztopoak gainditzeko baliabide praktikoak eskainita.
Hala, datozen asteetan, programaren arduradunek edukiak, argumentuak eta hausnarketarako tresnak partekatuko dituzte Debagoieneko Garapen agentziaren webgunean eta sare sozialetan, gaiaren inguruko kontzientziazioa eta eztabaida sustatzeko.
Aurreiritziak gainditzeko saioa
Testuinguru horretan, martxoaren 5ean enpresei zuzendutako jardunaldi bat antolatu dute Talentuak ez dauka adinik izenburupean. Goizeko 09:00etatik 12:00etara egingo da, Debagoieneko Mankomunitateko Udalaitz aretoan (Arrasate), gosari eta guzti. Saioa zuzendaritza-kargudunei eta pertsonen kudeaketa zein kontratazio arduradunei zuzenduta dago.
Jardunaldian belaunaldi-aniztasuna eta 45 urtetik gorako talentuaren balioa landuko dira ikuspegi praktiko eta parte-hartzaile batetik. Besteak beste, lan-merkatuaren erronkak, adin-diskriminazioa eta belaunaldi bakoitzak enpresei egiten dien ekarpena aztertuko dira, baita baliabide eta laguntza erabilgarriak ere. Saioa Maria Alonsok dinamizatuko du, Daiteke Gizarte Aholkularitza enpresako kideak.
Antolatzaileek azpimarratu dute eskualde mailako lanketa kolektibo honen helburua enplegu inklusiboagoa eraikitzea dela, eta enpresei dei egin diete ekimenean parte hartzera. Jardunaldian izena ematea beharrezkoa da, hemen sakatuta.