Bizitzako edozein arlotan hezteko oso baliagarriak dira ipuinak, baina horrez gainera, une gozagarriak bizitzeko tresna aproposak dira haurrentzako gainera, helduentzako ere bai. Tolosan egoitza duen Intujai Teatrok horretan sinisten du eta ahalegin handia egiten dute urtero Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia antolatzeko; astelehenean abiatu- ko dute hemeretzigarren aldia, askotariko istorioak eta kontalariak eskualdera gerturako dituen egitarau zabalarekin. "Profil ezberdineko artistak eta kolore ezberdineko kontakizunak ekartzen saiatzen gara eta horren erakusle da aurten osatu dugun eskaintza ere. Iruditeria pizteko eta oso gertukoak diren artistak ezagutzeko aitzakia ezin-hobea", azaldu du Intujai Teatroko May Gorostiaga kontalariak.
Nazioarteko eta euskal kontalarien topagune den jaialdiak geltoki asko izango ditu eskualdean –ikus taula– eta horien artean izango dira martxoaren 20an Arrasaten ospatuko dute Ahozkotasunaren Nazioarteko Eguneko ekitaldiak.
Ikastaroak eta lehiaketa ere bai
Eskoriatzako Dorleta Kortazarrek eta Arrasateko Maider Alcelayk ere parte hartuko dute, istorioak kontatzen eta baita bestelako zereginetan ere. Halaxe dio Kortazarrek: "Debagoienean eta Iruñean pozik izango naiz ipuinak kontatzen eta plazer handiarekin gidatuko ditut helduentzako hainbat formazio saio ere ". Haurrekin lanean ari dela kontatu du Alcelayk: "Abaltzisketako eta Zeraineko eskola txikietan gustura ari naiz eta desiratzen nago ikasgeletako lana jendaurrean erakusteko".
Hamalaugarren narrazio lehiaketa ere proposatu dutela dio Gorostiagak: "Erraza da parte hartzea, gehienez zortzi minutuko euskarazko kontakizun bat grabatuzea besterik ez. Lanak bidaltzeko edo informazioa eskatzeko idatzi Intujai@gmail. com helbidera".
Debagoieneko emanaldiak
Otsailaren 16an hasi eta martxoaren 31ra bitartean egingo duten hemeretzigarren Ahoz Aho Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdian helduentzako eta haurrentzako 50 kontaketa egingo dituzte 30 kontalariren eskutik, hamazazpi herritan banatuta; saio guztiak dohainik izango dira.
Arrasate:
- Estrella Ortiz (Gaztela-Mantxa) Otsailaren 18an, 19:00etan, Kulturaten. Helduentzako. Gazteleraz.
- Ifigeneia Kakridoni (Grezia) eta Odei Arregi (Euskal Herria) Martxoaren 3an, 18:00etan, Santa Marina bibliotekan. Haurrentzako. Euskaraz eta gazteleraz.
-
Andre Roldan (Kolonbia) eta Eneko Haritza (Euskal Herria) Martxoaren 13an,18:00etan, Kulturaten. Haurrentzako.
- Amaia Hennebutte (EH), Mar Amado (Peru), Amaia Elizagoien (EH), Maider Alcelay (EH), May Gorostiaga (EH) eta Dorleta Kortazar (EH). Kulturaten eta kaleetan. Familientzako. Euskaraz.
Eskoriatza:
- Estrella Ortiz (Gaztela-Mantxa) Otsailaren 22an, 19:00etan, Zaldibar antzokian. Helduentzako. Gazteleraz.
Aramaio:
- Andre Roldan (Kolonbia) eta Dorleta Kortazar (Euskal Herria) Martxoaren 10ean, 19:00etan, Kultur Etxean. Helduentzako. Euskaraz eta gazteleraz.
- Iñaki Carretero (Euskal Herria) Martxoaren 11ean 17:00etan, Kultur Etxean. Haurrentzako. Euskaraz.
Oñati:
- Andre Roldan (Kolonbia) Martxoaren 11ean, 19:00etan, liburutegian. Helduentzako. Gazteleraz.
- Aldo Mendez (Kuba) Martxoaren 26an, 18:00etan liburutegian. Haurrentzako. Gazteleraz.