"Pentsioen errebalorizazioa" exijitzeko manifestazioekin bat egiteko deia egin dute

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 17a

Pentsionistak Beragaran, urtarrileko lehenengo astelehenean.

Pentsiodunen Mugimenduak salatu duenez, aurtengo pentsioen errebalorizazioak "bermatu gabe jarraitzen du". Horren harira, "pentsioen errebalorizazio automatikoa" exijitzeko mobilizazioak deitu dituzte: Zapatuan, Donostian eta Bilbon; astelehenean berriz, Gasteizen eta Iruñean. Debagoienean, Donostiara autobusa antolatu dute; Aretxabaleta, Arrasate, Elorregi eta Bergaratik irtengo dena.

Hilaren 21ean eta 23an, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleetan manifestazioak egingo dituzte pentsionistek. Pentsioen "errebalorizazio automatikoa" exijituko dute, "bizitzaren kostuaren benetako igoeraren arabera". Pentsiodunen Mugimenduak adierazi duenez, "onartezina da gobernua pentsioen errebalorizazioa bermatzeko gai ez izatea eta pentsiodunei eta bereziki hilaren amaierara iristeko diru-sarrera nahikorik ez dutenei ezinegona eta segurtasunik eza eragitea".

Gaur gaurkoz, otsailaren 3an Espainiako Gobernuak onartutako Lege Dekretua ez da Kongresura eraman berresteko, eta hurrengo osoko bilkuretako bozketan ere ez dago sartuta. Horregatik, alderdi politikoak euren "pazientziarekin jolasten" ari direla salatu dute pentsiodunek: "Erabat bidegabea eta arbuiagarria da alderdi politikoek –PP, VOX, JUNTS, UPN– Kongresuan pentsioen balioa handitzea eragoztea eta pertsona ahulenak babesten dituzten neurriak indargabetzea. Beren interes partikularrak pertsonen bizi-baldintzen hobekuntzaren aurretik jartzen dituztenak bakarrik dira hori egiteko gai".

Gauzak horrela, Pentsiodunen Mugimendutik dei egin diete, "Pentsiodun, langile eta ezkutu sozialaren indargabetzeak eragindako pertsona guztiei" euren desadostasuna adierazteko.

Aldarrikapen historikoendako tartea

Bestetik, pentsiodunek mobilizazioak baliatuko dituzte, ohiko aldarrikapen historikoak ere egiteko. Hala nola; gutxieneko pentsioen hobekuntza, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzea, EAEn eta Nafarroan gutxieneko pentsioak LGS-raino osatzea eta ezkutu sozialean jasotako pertsona zaurgarrienak babesteko neurriak hartzea.

Hori guztia aldarrikatuko dute, otsailaren 21ean eta 23an egingo diren honako manifestazioetan:

  • Otsailak 21, zapatua: Donostian, Boulevard Plazan, 12:00etan.
  • Otsailak 21, zapatua: Bilbon, Eliptika Plazan, 17:30ean.
  • Otsailak 23, astelehena: Gasteizen, Plaza Berrian, 12:00etan.
  • Otsailak 23, astelehena: Iruñean, Udaletxe Plazan, 12:00etan.

Debagoienetik, zapatuan Donostiako manifestaziora joateko doako autobusa antolatu dute. Hauek dira ordutegiak: 

  • Aretxabaleta: 09:30ean.
  • Arrasate: 09:40ean.
  • Elorregi: 09:45ean.
  • Bergara: 10:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak