Autobus berriak erabiltzen hasi dira Gatzagako linean

Imanol Beloki Unamuno 2026ko otsailaren 17a

Angela Marcos Avanzako trafiko zuzendaria, Azahara Dominguez diputatua, eta Jose Alvarez Gipuzkoako Avanzako gerentea, Gatzagan.

Joan den astean iragarritako autobus berriak erabiltzen hasi dira DG21E linean, hau da, Leintz Gatzaga-Eskoriatza-Arrasate arteko zerbitzuan. Leintz Gatzagako erabiltzaileek helarazitako eskaera bati erantzun zaiola horrela adierazi du Azahara Dominguez diputatuak.

Martitzen honetan jakinarazi dutenez, duela egun batzuetatik ibilbide hori autobus berriekin ematen ari dira, MAN enpresaren Lion’s Intercity LE Efficient modelo hibridoekin, hain zuzen ere.

Azahara Dominguez diputatuak azaldu duenez, "autobus berri hauek emisioak eta kontsumoa optimizatzen dituzte, irisgarritasuna errazten duten elementu modernoak dituzte (hala nola arrapala bikoitz elektriko eta eskuzkoa edo gurpil-aulkientzako gunea), eta gidariarentzat erosotasun handiagoa eskaintzen dute, lanpostu ergonomikoago eta zabalagoa baitute. Gainera, segurtasun-elementuak ere badituzte, hala nola, atzerako martxako kamera, ABS eta irristatzearen aurkako sistema, egonkortasun-programa elektronikoa eta larrialdiko balaztatze-laguntza sistema, besteak beste". Gaineratu du linea honetako autobusak berritzeak erabiltzaileei "erosotasun handiagoz bidaiatzeko" aukera emango diela. Eta horren arrazoiak azaldu ditu: "Autobusak handiagoak dira, hamar metrotik hamabi metrora pasatu dira; edukiera bikoitza baino handiagoa dute (41 bidaiaritik 87ra igarota), eta eserleku kopurua nabarmen handitu da, aurreko modeloetako 29 eserlekuetatik egungo 46 eserlekura".

Udalekin, gizarte-erakundeekin eta herritarrekin oro har lanean jarraituko dutela ere nabarmendu du diputatuak, eta azpimarratu oso garrantzitsua dela garraio publikoaren "zerbitzu ona bermatzea", batez ere udalerri txikietan: "Horrela bertako biztanleen eskubideak gainerako herritarren pare jartzeaz gain, pertsona horiek beren herrietan bizitza garatzea hauta dezaten sustatzen dugu, eta, ondorioz, despopulazio-arriskua murrizten da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak