Nerea Zugasti eta Maitane Arizabaleta Berbalagun egitasmoko dinamizatzaileek azaldu dutenez, "euskararen ohiturak finkatzeko egitasmoa da. Mintzalagun taldeak euskaraz mintzatzeko arnasguneak dira, eroso hitz egiteko. Euskaraz hitz egitea barneratzen laguntzen du, ondoren egunerokoan segurtasun handiagoz aritzeko".
Ohitura arazoa
Dinamizatzaileek diotenez, azken urteetan behera egin du euskara praktikatzeko asmoz egitasmora batzen den herritarren kopuruak. "Egitasmo horrek duen indarra galtzen doa, jendeak ez duelako ikusten duen garrantzia. Tresna baliagarria da ohiturak aldatzeko eta ikasitakoa praktikan jartzeko", azaldu dute. Era berean, azpimarratu dute euskarazko harreman-sareak sortzen laguntzen duela: "Irteerak eta ekintzak egiten direnean, parte-hartzaileek euskaraz ezagutzen dute elkar, eta harreman hori euskaraz mantentzea errazagoa izaten da".
Parte hartzeko baldintzei dagokienez, dinamizatzaileek diote eskakizun nagusia euskaraz hitz egiteko gutxieneko gaitasuna izatea dela, eta astean behin elkartzeko konpromisoa hartzea. "Gaur egun, askotan ez da jakintza kontua, ohitura kontua baizik", gehitu dute.
Eskoriatzako Berbalagun taldeko Arantxa Miguel eta Juanito Uriarte kideek beren esperientzia partekatu dute. Uriartek azaldu du gaztetan euskara gutxi erabiltzen zen testuinguruan hazi zela: "Gurasoek euskaraz zekiten arren, etxean eta kalean gazteleraz egiten genuen. Beti izan dut euskara ikasteko asmoa, eta, urteetan ikastaroetan eta ikasketetan aritu ondoren, berriz ekin diot hizkuntzari".
Bi berbalagunek adierazi dute urteak ikasten eman ondoren hizkuntza erabiltzea ezinbestekoa dela maila egokia lortzeko. "Espazio egokia da praktikatzeko eta erabiltzeko", nabarmendu dute. Taldeko saioetan eguneroko gaiei buruz hitz egiten dutela azaldu dute, mugarik gabe, eta beti errespetuz eta euskaraz.
Miguelen arabera, mintzapraktikak segurtasuna irabazten laguntzen du: "Halako lekuetan, ordubetez bada ere, entzunez eta hitz eginez asko ikasten da. Harrotasuna eta gogobetetasuna ematen du. Euskarak, batzuetan, zaila dirudi, baina posible da, eta ondo sentiarazten du".
Parte-hartzaile bila
Berbalagun egitasmoa euskararen erabilera indartzea helburu duen proiektua da, eta euskara praktikatu nahi duen edonorentzat dago zabalik: ikasle berrientzat, jarioa galdu dutenentzat zein euskaraz bizi nahi dutenentzat. Azkenik, azken hamarkadetan euskararen ezagutza handitu egin den arren, antolatzaileen esanetan erabileran oraindik badago bidea egiteko. Horregatik, herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu dituzte, euskararen erabileran beste urrats bat egiteko.