Gipuzkoako Foru Aldundiak eta lurraldeko udalek indarkeria matxistaren aurrean erantzun instituzionalerako protokoloa eguneratu dute lan topaketa batean. Irune Berasaluze foru bozeramaileak, Nerea Isasi Berdintasunerako Organoko zuzendariak, hamahiru alkatek eta hogeitik gora udal arduradun eta teknikarik hartu dute parte bileran.
Helburua da 2018an sortutako protokoloa egungo erronketara egokitzea, udalerri guztietan erantzun koordinatua eta eraginkorra bermatzeko. Berasaluzek azaldu du tresna hori "aitzindaria eta bakarra" dela gure inguruan, eta, horri esker, "lehen aldiz" egituratu ahal izan zela erakunde mailako erantzun koordinatua, komuna eta ikusgarria eraso matxisten aurrean. Egungo erronketara egokitzeko, Aldundiak laguntza teknikoa eskainiko du eta, gainera, esperientzia pilotuak abiatuko dira bi udalerri txikitan.
Protokolo eguneratuak emakume biktimen erreparazioa jartzen du erdigunean eta indarkeria mota berriak barne hartzen ditu, bereziki indarkeria bikarioa eta indarkeria digitala, "sare sozialetan, mezularitza zerbitzuetan, plataformetan eta emakumeen aurkako beste ingurune birtual batzuetan gero eta eraso gehiago daudelako". Gogoratu dute indarkeria horien artean sartzen direla emakumeen osasunean, askatasunean eta bizitzan benetako ondorioak dituzten jarrera matxistak, hala-nola jazarpen jarraitua, larderia, mehatxuak, baimenik gabeko irudiak zabaltzea, identitatea ordeztea, kontrol digitala eta antolatutako gorroto kanpainak.
Dokumentua elkarlaneko prozesu baten bidez osatu da, udalak eta talde feministak inplikatuz.