Sustatzaileek emandako datuen arabera, azken edizioko emaitzek programaren "eraginkortasuna" erakusten dute: "Parte hartu zuten zortzi pertsonetatik hiru praktiketan ari dira beren profilari lotutako lanpostuetan, bik lana aurkitu dute, beste bik ikasketekin jarraitzen dute, eta pertsona batek langabezian jarraitzen du", adierazi dute Mankomunitateko arduradunek.
Hazilan+ programaren egitura bi fasetan banatzen da. Lehenengoan, Aktibatu fasean, zeharkako konpetentziak lantzeko 80 orduko tailerra egingo dute martxoaren 2tik apirilaren 21era. Ondoren, Praktikaldian, parte-hartzaileek praktikaldi ordainduak egingo dituzte eskualdeko enpresetan, bi eta bederatzi hilabete arteko iraupenarekin.
Lan-merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonek parte hartu dezakete, baldin eta Debagoieneko udalerriren batean erroldatuta badaude, langabezian badaude eta erdi edo goi mailako lanbide heziketa edo unibertsitate ikasketak amaituta badituzte. Programak ez du adin mugarik.
Informazio saioa
Interesa dutenentzat, informazio saio bat egingo da otsailaren 19an, 10:00etan, Debagoieneko Mankomunitatean –Nafarroa Hiribidea, 17, Arrasate–. Izena emateko epea otsailaren 23ra arte egongo da zabalik, eta eskaerak aurrez aurre edo erregistro elektroniko bidez aurkeztu ahal izango dira. Hautaketa elkarrizketak otsailaren amaieran egingo dira.
Ekimena Euskadiko 2021–2027 Programa Operatiboaren barruan garatuko da, eta finantzaketaren %40 Europako Gizarte Funtsak ematen du. Informazio gehiago eskuratzeko, jarri harremanetan Debagoieneko Mankomunitatearekin –943 79 30 90 edo hazilan@debagoiena.eus–.