Aurreneko minutuak oso parekatuak izan diren arren, Fagor Professional Aloña Mendik defentsan egindako akatsak baliatu ditu Arrasatek markagailuan sei golerainoko tartea lortzeko. Etxekoek lortu dute suspertzea, besteak beste, Unax Aranburuk sartutako golei esker, baina arrasatearrek gogor eutsi diote tarteari. Atsedenaldira aurretik iritsi dira kanpokoak, hiru goleko aldearekin (13-16).
Atsedenaldiaren ostean gogor kantxaratu dira txantxikuarrak eta, defentsa gogortuta, lortu dute bi taldeen arteko aldea gol bakarrera murriztea. Hala ere, bazirudien Ane Herrerorenek erabat kontrolpean zeukatela partidua, eta uneoro aurretik izan dira bigarren zatian ere.
Azkenengo minutuetan banakako defentsa ezarri dute oñatiarrek baloia azkar lapurtu eta golak sartzeko asmoz, baina Arrasatekoak etxekoen defentsa erraz gainditzeko gai izan dira, behin betiko emaitza lortu arte (27-30).
Txanponaren bi aldeak
Arrasateko jokalari Danel Roak adierazi du "garaipen garrantzitsua" izan dela Zubikoan lortutakoa. Taldeak "lan handia" egin duela eta "oso kontzentratuta" egon direla gaineratu du, baita "aurrera begira jartzeko" indarra emango diela. Aloña Mendiko jokalari Ander Altzelai, ordea, ez da pozik agertu taldeak jokatutako partiduarekin: "Partidu hasiera oso txarra jokatu dugu eta lortu dute markagailuan errenta handia izatea. Uneoro gu baino hobeak izan dira eta ez dugu lortu euren atean minik egitea. Bolada onean geunden; datorren astean Bergararen aurka borrokatu beharko dugu garaipena lortzeko".