Puntu bateko aldea dago oñatiarren eta arrasatearren artean, eta derbia dute zapatuan

Xabier Urtzelai 2026ko otsailaren 6a

Ander Altzelai, baloia jasotzen; joanekoan, bederatzi gol egin zituen Arrasaten.

Aspaldian ez dira Fagor Professionalen (14 puntu) eta Arrasateren (13) artean indarrak horren parean egon, eta bihar, zapatua, elkarren kontra jokatuko dute Oñatin (Zubikoa, 19:30).

Ligan puntu bateko aldea baino ez dute txantxikuek, eta joanekoan arrasatearrek 27-25 irabazi zuten, Arrasaten. Hala, gaur egun, biak ala biak sailkapenaren erdialdean daude, beste hainbat talderekin batera, eta jardunaldi garrantzitsuak dituzte aurretik. Izan ere, batetik, jaitsiera postuetatik urrundu nahi dute denek, eta, bestetik, igoera fasea jokatzea ahalbidetzen duen bosgarren postuarekin amesten dute. Eta hori da orain helburu nagusia, bi puntura –arrasatearrek hirura– baino ez dagoen Munttarpe (16) harrapatzea. Biharko derbira begira bi taldeak datoz iazko asteburutik aho zapore onarekin; arrasatearrek 24-22 irabazi zuten Txingudiren kontra eta Fagor Professionalekoek beste horrenbeste egin zuten Zumaian, Pulporen kontra (26-28).

Bergara ere lehia horretan

Faserako sailkatzeko postuen lehian, baina, Fagor Professionalekin eta Arrasaterekin batera Bergarako Soraluce BKE ere saltsan dago. Are gehiago, haiek seigarren daude, Munttarperen puntu kopuru berberarekin (16). Azkeneko hiru partiduak jarraian irabazi eta gero, Txingudikoen kontra jokatuko dute mahoneroek bihar (19:00, Irun).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak