Oporrak Bakean programarekin, aurten ere Debagoienera etorriko dira haur sahararrak

Koldo Zubia Salas 2026ko otsailaren 6a

Debagoienera etorritako haur sahararrak harrera-familiekin, iaz.

Aljeriako lurretan kokatuta dauden Tindufeko kanpamentuetan bizi diren 200.000 pertsonen artean haur ugari dago, eta haur horiei udako opor duinak eskaintzeko asmoz jaio zen Oporrak Bakean programa. Urtero, Euskal Herriko hainbat familiak hartzen dute udan ekimenarekin bat egin eta Tindufeko haurrak euren etxeetan artatzeko erabakia.

Abendutik zabalik dago Oporrak Bakean programan izena emateko epea, eta Debagoienera, gutxienez, kanpamentuetan bizi diren bost haur etorriko direla argitu du Laida Bengoak, Oporrak Bakeaneko kideak: "Momentuz, Debagoieneko hiru familia berrik erakutsi dute programarekin bat egiteko interesa, eta iazko esperientzia errepikatzea erabaki duten familiak, berriz, bost dira". Bengoak azaldu duenez, aurten kanpaina eta izen ematea "aurreratu" egin dira, baina otsailaren 15era bitartean oraindik ere badago aukera izena emateko. "Familia batek interesa duenean, zalantzak argitu eta informazioa eskaintzea da gure eginkizuna. Eurekin egoten gara eta kezkak elkarbanatzen ditugu. Familia hartzaileei ez diegu baldintza handirik jartzen; baina ume bat etxean hartzeak dakarren arreta emateko prest egon behar du, hori bai", dio Bengoak.

Laida Bengoa: "Gutxienez, Tindufeko kanpamentuetatik, bost haur etorriko dira Debagoienera"

Haurrei dagokienez, garai batean, 8 urteko haurrek parte hartzen zuten programan; aurten, ordea, 10 urteko umeak etorriko dira Euskal Herrira. Ume horiek etxeko "beste kide bat" bezala tratatzea izango da familia hartzaileen zeregina. "Nik ikusi ditudan esperientzietan, hainbat eredu eta ohituratara moldatzen dira haurrak. Badaude umerik ez duten familiak, eta badaude umeak dituztenak ere. Familia batzuek oporretan kanpora joateko ohitura dute, eta beste batzuk, aldiz, hemen gelditzen dira. Haurrak ohitura horietara moldatzen dira, baina geuk ere etxeko beste kide bat bezala tratatzeko erantzukizuna hartu behar dugu", azaldu du Bengoak Euskal Herrira datozen haurren inguruan.

Udako beroan, arnasgune

Tindufeko kanpamentuetan, bizirauteko baldintzak "gogortu" egiten dira udan; hala adierazi zuten Oporrak Bakean programakoek: "Errefuxiatu sahararren bizi-baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta gero eta larriagoak diren muturreko klima baldintzen menpe daude. Oporrak Bakean programan parte hartzea arnasgune bihurtzen da, bai parte hartzen duten adin txikiko umeentzat eta baita haien familientzat ere".

Uda garaian, eskola ere eten egiten da Tindufen, eta beroak egunean zehar ez du etxetik irteteko aukera handirik uzten. "Kontuan izan behar dugu haur horiek kanpamentuetan bizi direla, ez dute besterik ezagutzen. Horregatik, garrantzitsua da umeek kanpamentuetatik kanpo dagoen mundua ikustea", gaineratu du Bengoak. Bestetik, udako bi hilabete horietan haurrek Euskal Herrian izango duten elikadura eta osasun ereduak "indarberritzeko" ere balioko diela aipatu du Bengoak: "Azken finean, haurren bitartez, Mendebaldeko Saharan bizi duten egoera zabaltzeko aukera ematen du Oporrak Bakean ekimenak

Sahara, 50 urtez okupatuta

Aurten, Mendebaldeko Sahara okupatua izan zenetik 50 urte beteko dira. Oporrak Bakean programakoek adierazi dutenez, urte horietan iraun duen "borrokaren" ondorioa da ekimena: "Saharar herria eta sahararrak urte luzez ari dira itxaroten euren eskubideak aitortu eta autodeterminazio erreferendum bidez euren etorkizun politikoa erabakitzeko. Afrikako azken kolonia da Mendebaldeko Sahara, eta, erbestean eta basamortuan bizi beharra jasateaz gain, gerra ere pairatzen ari den herria da. Dena kontra duen herria, baina etsitzen ez duena eta esperantzarik galtzen ez duena".

Bengoa ere ildo beretik mintzatu da, eta Mendebaldeko Sahara "gerran" dagoen herri bat dela esan du. Gerra hori "sufritzen dutenak", ostera, "bertan bizi diren sahararrak" eta erbestean, "Tindufen, Euskal Herrian edota munduko beste edozein txokotan" bizi direnak ere badirela azaldu du: "Denbora asko igaro da, baina egoera ez dago konponduta". Horregatik, Debagoieneko familiei Oporrak Bakean programarekin bat egiteko deia zabalduz amaitu gura izan du Bengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak