1905eko argazki batek ireki zizkizun euskaldunon ikurrak ikertzeko ateak. Ze argazki zen?
Gizonezko talde bat ageri da Bergarako San Martzialen, ikurrin oso berezi batekin. Izan ere, ikurrinaren marra berdeak horizontalean daude. Horren arrazoia da Errepublika garaian handik eta hemendik irakurritako argibideekin egiten zituztela ikurrinak, eta egiten zuten interpretazioaren araberakoa zen emaitza. Ikurrina hark, gainera, bost izar zituen, bost batzoki zeudelako Gipuzkoan: Arrasaten, Bergaran, Deban, Donostian eta Oreretan.
Ikurrinaren sorrerari buruz aritu zara. Egun ezagutzen duguna proposatu zuen Sabino Aranak?
Hark proposatu zuen, hain zuzen, marra berde horizontalduna. Euskal lurralde bakoitzari bereizgarri bat egin zion goian, ezkerreko aldean: Nafarroari sei izar, Gipuzkoari marra gorri eta berde bertikalak... eta Bizkaikoari egun ezagutzen dugun ikurrina jarri zion bereizgarri gisa. Antza, jendeari asko gustatu zitzaion eta hura zabaltzen hasi ziren, Bizkaiko bereizgarria, egungo ikurrina.
Tematuta zegoen Sabino Arana ikur abertzaleak sortzearekin...
Euskal nazionalismoaren hastapenak ziren eta euskaldun guztiak identifikatuko zituen iruditegia asmatzea zuen helburu, iraganeko ebidentzia batzuetan oinarrituta. Hartara, svastika bezala ezagutzen dugun ikurra ere zabaltzen hasi zen. Orduan, lauburu laukizuzena deitzen zitzaion. 1901ean marraztu zuen lehenengoz. Eguzki hitzaren etimologia ikertzen zebilen eta konturatu zen agian euzko eta eguzki hitzek etimologia bera zutela. Svastika eguzkiaren ikur bezala interpretatu izan da. Gainera, bazuen froga historiko bat: Eskozia eta Ingalaterrako mugan, Adrianoko hesian, aldare bat agertu zen, bi svastikarekin. Aldameneko testuak aipatzen du barduliarren omenez eraikitakoak direla. Barduliarrak Erromatarren garaiko gipuzkoarrak ziren. Hortaz, euskal jatorria zuelakoan hasi zen ikur hura erabiltzen.

36ko gerra aurretik, abertzaleek svastikak erabiltzeari utzi zioten.
Ikusi zuten naziak Alemanian egiten zebiltzana, eta baztertzea erabaki zuten; lauburu biribilen alde bakarrik egin zuten. Baina XX. mende hasierako argazki ugari daude svastikak agertzen direnak: Bergarako ikastolan, Emakumeen Abertzale Batzan, Euzko Abertzale Ekintzan, Ondarroako txalupetan... 1914an, EAJko gazte talde batek euskara sustatzeko jardunaldiak antolatu zituen. Svastika-pin bat jartzen zuten jertsean, gaur egungo ahobizi eta belarriprest txapekin egiten den antzera. Jose Maria Aznarren aitonak, Manuel Aznarrek, asmatu zuen kanpaina hori.
Bada beste elementu bat, aspa gorria, gaur egun nahiko polemikoa dena. Baina Antzuolako banderan ere badugu, ezta?
Eta Eskoriatzakoan, Bergarakoan, Nafarroako eta Gipuzkoako hainbat herritakoetan... Gure banderak aldatu behar al ditugu aspa gorria VOX erabiltzen hasi delako? Eta gaur egun gaizki ikusita dagoen Karlismoarekin lotzen delako? Esan behar da karlistek 1935ean erabaki zutela aspa gorria hartzea ikur gisa. Baina ordura arte ez zuten erabili.
"Argi dago aspa gorria Austriako Felipek ekarri aurretik erabiltzen zela hemen"
Diozunez, euskaldunen artean aspa gorria Espainiar inperioa erabiltzen hasi aurrekoa da.
Borgoinako gurutzea bezala da ezaguna. Gaztelako Juana I.a Austriako Feliperekin ezkondu zenean eraman zuen hark Espainiara, XVI. mendean. XVII. mendeko tertzioek zeramaten, batailetan identifikatzeko. Hori horrela, Aguraingo ermita batean margolan bat dago, XII. mendekoa, gerlari bat ezkutu batekin ageri dena; ezkutu hartan aspa gorria dago. Bestetik, Lope de Harok erabiltzen zuen, Bilboko Itsas kontsulatuak… Zaila da garai hartako irudiak topatzea, baina, dauden ebidentziekin, argi dago aspa gorria Felipek ekarri aurretik erabiltzen zela hemen.

Bukatzeko, zer nabarmentzen duzu?
Ikurren esanahia ulertzeko ezinbestekoa dela sortu ziren garaiarekin harremanetan jartzea. Bestalde, herritarren gehiengo zabal batek bere egiten badu bandera bat, balekoa dela. Bogan dago udalek herrietako armarri eta banderak aldatzea, alda bakarrez. Izan beharko litzateke prozesu zabala, publikoa, ikerketa sakonarekin, eta proposamenak adostuta.