Buruñao auzoan etxafuegoak jaurtiko dituzte bihar, 08:00etan, egunari ekiteko. 11:00etan meza esango dute eta opilak bedeinkatuko dituzte orduan; eta 11:30ean, salda eta txorixoa eskainiko diete herritarrei. Eguenean, hilaren 5ean, ostera, San Blas ermitako anaitzeko kideen bilkura egingo dute, 19:00etan. Eta zapatuan, otsailaren 7an, egun osoko ekitaldiak iragarri dituzte: 11:30ean, Moises Azpiazu dantza taldearen saioa; eta ondoren, haurrendako kukainak; eta 20:30ean, auzo-afaria.
Aretxabaletan, Apotzaga-etxebarri auzoko Sailuente ermitan esango dute meza bihar, zaindari duten San Blasen omenez; 10:30ean izango da hori, eta ondoren, herritarrek etxetik eroandako jakiak bedeinkatuko dituzte. Iluntzean, 19:00etan, parrokian egingo dute bedeinkapena.
Antzuolan, Basalde auzoko baselizan izango dute gogoan San Blas, datorren zapatuan. 12:00etan izango da meza eta jakien bedeinkapena; hamaiketakoa egingo dute ondoren.
Arrain-hezur bat tradizioaren iturri
San Blas izenarekin ezaguna den santua Armeniako Sebasteko gotzaina izan zen, baita medikua ere. Licinio enperadorearen garaian, IV. mende hasieran, kristauen aurkako jazarpena bizi izan zen eta gotzaina torturatu eta hil egin zuten.
Eztarriko gaitzak dituztenen zaindari izendatua dago. Tradizioaren arabera, arrain hezur bat eztarrian sartu zitzaion eta itotzen ari zen mutiko baten bizia salbatu zuen. Hori izango litzateke otsailaren 3an eztarriak bedeinkatzeko ohituraren jatorria.