Bergarako Labegaraieta kiroldegian jokatu da zapatuan Gipuzkoakok txapelketako lehen faseko lehiaketa. Hori horrela izanda, etxeko elkarteari, Ariznoari, tokatu zaio dena txukun prestatzea. Hala, egubakoitz iluntzeko entrenamenduaren ostean jarri zituzten tapizak kantxa gainean, epaimahaikideak esertzeko aulkiak eta mahaiak, epaileak egoten diren aulkiak tapizaren izkinetan, musika entzuteko bozgorailua bere tokian, gimnasten izenak esateko mikrofonoa eta ekipoa gertu... Dena utzi zuten prest zapatuan Gipuzkoa osoko gimnastak bertan lehiatzeko –Tolosa, Azkoiti, Hernani, Donostia, Eibar, Andoain edo Irun, adibidez_.
Taldeak batzuk eta bakarka beste batzuk, kadete mailako gaztetxo askok egin dute erakustaldia Labegaraietako kiroldegian, bakoitzak irailetik hona egindako entrenamenduetan prestatuko koreografia eginez. Ariznoako –senior– eta Dragoiko –gazte maila– lehiatu dira goizean eta Bergarako bi eta Arrasateko bat, arratsaldean –kadete mailakoak hirurak–. Bakarka ere hartu dute parte hemengoek.
Elementuei dagokienean, senior mailakoak uztaiarekin eta pilotarekin lehiatu dira, gazte mailakoak mazekin eta kadete mailakoek pilotekin. Bakarlariek ere bakoitzak bere mailako elementuarekin lehiatu dira: gazte mailakoak pilotarekin, kadeteak eta seniorrak uztaiarekin eta masterrak sokarekin.
Zapatuko lehiaketa baliagarria izan zaie denei Gipuzkoako amateur mailako txapelketari neurria hartzen hasteko. Hurrengo lehiaketa martxoaren 14-15 asteburuan dute.
Emaitzak:
Ariznoa Kadete A: 8
Ariznoa Kadete B: 10
Ariznoa Goizeder Romero (kadete B): 8
Ariznoa Aitana Mendiaraz (kadete A): 3
Ariznoa Senior: 5
Dragoi Jubenil C: 1 eta 2
Dragoi Kadete C: 5
Dragoi Malen Erdabide (kadete B): 7
Dragoi Eider Zugasti (kadete B): 16
Dragoi Maria Gonzalez (kadete B): 18