Puntua aldizkariaren 485. zenbakiko Erreportajea atalean argitaratutakoa da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.
Erlijio-jatorriko eraikinak desakralizatzea eta berrerabiltzea oso ohiko bihurtu da Europa osoan. Horixe dio Ondare Babesa enpresako arkeologo Aitziber Gonzalezek. Eta horren adibideak ere badaude Debagoienean, azken urteetan, esaterako, zenbait udalek kultu-erlijiosorako eraikinak erosi eta, batik bat, kultura erabilera eman baitiete. Bergarako Seminarixoa, Oñatiko Santa Ana komentua, Aretxabaletako komentu zaharra, Aramaioko Sastiña ermita... Arrasateko Udalak ere hitzartu du San Frantzisko eliza erostea, eta datozen hilabeteetan gauzatuko da salerosketa.
Fenomeno hori gertatzeko bi arrazoi nagusi zerrendatu ditu Gonzalezek: batetik, nabarmendu du eraikin horien erlijio-erabilera murriztu izana; bestetik, adierazi du arkitekturari eta arkeologiari dagokionez ondare-babesa duten eraikinek mantentze-kostu handiak izan ditzaketela, eta kostu horiek ez direla bideragarriak edo errentagarriak izaten eraikin asko dituen Eliza Katoliko batendako.
ONDARE-LEGERIAK KATALOGATUTA EDO BABESTUTA DAUDEN ELEMENTUEN GAINEKO ESKU-HARTZEAK ARAUTUTA DAUDE
Ondarea babesteko modu bat
Halako elizen eta ermiten erabilera aldaketa horrek bi "alde on" izan ditzakeela dio Ondare Babesako arkeologo Aitziber Gonzalezek. Batetik, "logela-herri" bihurtu diren herrietan garrantzi handia izan dezakeela uste du, herri horietan bizitza soziala berreskuratzen saiatzeko beste pauso bat izan daitekeelako: "Funtsezkoa da gizarte-bizitza suspertzeko eta dinamizatzeko espazio berriak aurkitzea eta sortzea tokiko kohesioa eta nortasuna indartzeko". Hala, bien bitartean, berreskurapena bermatzen dela dio, eta "dentsitate historiko handiko eta ondare, kultura eta gizarte balio handiko espazioak" abandonatzea eta hondatzea saihesten da. "Kasu askotan, tokiko komunitateen nahigabea eta kezka ikusi ahal izan da eraikin horiek mantentzeari utzi diotelako, Elizaren jabetzakoak direlako eta haiengan eragiteko ahalmena mugatua delako", gehitu du.
ERLIJIO-JATORRIKO ERAIKINAK DESAKRALIZATZEA ETA BERRERABILTZEA OHIKO BIHURTU DA EUROPAN; BAILARAN ERE BADAUDE HORREN ADIBIDEAK
Esku-hartzeak, arautua
Balio historiko handiko eraikinak egokitzearen arriskuei dagokienez, ondare-legeriak katalogatutako edo babestutako elementuen gaineko esku-hartzeak araututa daude. Horregatik, Gonzalezek azpimarratu du elementu horien eraldaketak eta edozein lanek "berariazko berme eta neurri batzuk" izan beharko lituzketela. "Abandonua da arrisku nagusia eraikin baten kontserbaziorako", dio.
Emango zaion erabileraz harago, "puntu kritikoenak" eraikinean esku-hartzeak egiteko garaian daudela azaldu du, bai maila arkitektonikoan, bai aldatu gabeko aztarna arkeologikoak eta estratigrafiak kontserba ditzakeen lurpe batean eragina izango duen edozein lanetan: "Oso ohikoa da hiletahondarrak kontserbatzea tenpluen barnealdean zein kanpoaldean. Horregatik, espazio egitura horien gaineko edozein esku-hartze egiten da proiektu teknikoak, azterketa historiko-arkeologikoak eta proiektatutako obren eraginaren ebaluazioak eskatzen dituzten ondare-araudien eta legeen bidez. Horiek gure ondarea kudeatzeko eta kontserbatzeko ardura duten administrazioek eta sailek onartu edo aldatu beharko dituzte, esku-hartzeak gidatuko dituzten parametroak eta mugak ezarrita".
AITZIBER GONZALEZ, ONDARE BABESA ENPRESAKO ARKEOLOGOA: "ABANDONUA DA ERAIKIN BATEN KONTSERBAZIORAKO ARRISKU NAGUSIA"
Bergaran, Seminarixoa eta hainbat ermita
Bergarako herriko plazan kokatuta dagoen Errege Seminarioak Bergarako jesuiten eliza izandakoa du bere baitan, baina gaur egun Seminarixoa aretoa da. XX. mendeko 80ko hamarkada arte otoitz-leku izan zen. UNED Patronatuak –Gipuzkoako Foru Aldundia, Bergarako Udala, UNED eta Kutxa– 2007an eskuratu zuen eraikinaren erabilpen lagapena, baina 2008an milioi bat eurotan erosi zion Errege Seminarioa osorik Espainiari. 2014an, jabetza Bergarako Udalarena izatera pasa zen, eta, ostera, 2016ko irailean, UNED Patronatuak eskuratu zuen titulartasuna.
2017ko abenduaren 24an Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerarekin zabaldu zituen ateak, eta, ordutik, zinema-emanaldiak, antzerkiak, kontzertuak, aurkezpen ekitaldiak, ospakizun ekitaldiak eta halakoak egiteko erabiltzen da. Eliza zaharra zena egungo areto bihurtzeko obraren eta ekipamenduaren aurrekontua 2.322.633 eurokoa izan zen, eta 1.435.089 euro lortu ziren Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Diputazioaren dirulaguntzetatik. Aretoaren ezaugarri nagusia moldagarritasuna da. Agertokia erabat moldagarria da emanaldiaren arabera; harmailak jarrita 254 lagunendako lekua dago eta harmaila barik, berriz, 500 lagunendako lekua.
Halaber, gaur egun udal liburutegia kokatuta dagoen Errotalde jauregia, haren ermita eta lorategia, Udalaren jabetza izatera pasako dira, Udalaren eta Donostiako Murua Balzola fundazioaren artean adostutako lankidetzahitzarmenari esker. Aho batez onartu zen proposamena azaroko osoko bilkuran. Bergarako alkate Gorka Artolak aurreratu du oraindik hitzarmena bidean eta eskuordetzea egiteko dagoela, baina epe ertainean pasako dela Udalaren jabetzekoa izatera, eta Udal Gobernuak bilkura ostean adierazi zuen aztertu egin beharko zuela ze eskaintza eskaini zezakeen guneak.
Mizpirualde egoitzako kapera ere, esaterako, Udalarena da, eta han entseguak egiten ditu Aritzeta abesbatzak. San Juan eta San Kristobal auzoetako ermitak, berriz, auzotarrenak dira.

Oñatin, Santa Ana komentua
Komentua izandako Santa Ana eraikina Oñatiko erdigunean dago kokatuta. Zerolategia izan zen XVI. mendean, eta komentuko eliza XVII. mendekoa da. Gaur egun Txantxiku ikastola dago eraikinean; kapera antzoki eta auditorium bezala erabiltzen dute.
Eraikina Udalak erosi zuen, demokraziako lehen agintaldian –1979ko hauteskundeen osteko lehen agintaldia–, Eli Galdos alkate zela. Carlos Agirrebengoa zen zinegotzietako bat, eta adierazi du Udal Gobernu haren lehentasuna kiroldegia egitea zela, eta hainbat herritako kiroldegiak ikusita erabaki zuten erdigunean kokatu behar zela: "Baina erdigunean Santa Anako lurretan egitea zen aukera bakarra". Udalak komentua eta haren lurrak erosi zituen, ehun milioi pezetatan, 1980an: "Negoziazio guztia Carlos Gastesi frantziskotarraren bitartez egin genuen, mojek horrela erabakita. Mojek gaur egun dauden eraikina egin zuten gero".
Jerardo Elortza historialari oñatiarrak ere gogoan ditu une haiek: "Barrutik dena hustu eta berritu egin zen, eta atzeko ortuan egin zuten kiroldegia. 1986-1987ko ikasturtean jarri zuten Ikastola han. Kontzertuak, antzerkiak eta hitzaldiak egiten dira. Lehen zinema ere bazegoen, baina kultur etxeko aretoa egin zutenean han hasi ziren filmak proiektatzen".
Haur eta helduentzako arte eszenikoen programazio egonkorra programatzen da Santa Anan, bai eta musika-emanaldiak ere –formatu txiki eta ertaineko kontzertuak eta jaialdiak–, kongresuak, batzarrak, jardunaldiak, erakusketak... Santa Anan 264 lagunentzako lekua dago. Goiko solairuak 127 pertsonako edukiera dauka eta beheko solairuak, 137koa.
Egun Santa Ana antzokia eta Ikastola dauden eraikina ez ezik, Udaltzaingoa, epaitegia eta bandaren entsegu lokala dauden eraikina ere mojena zen. Egun kiroldegia dagoen tokian, berriz, mojen ortuak zeuden.
Agustindarren komentua Aretxabaletan
2016an erosi zuen Aretxabaletako Udalak Kontsolazioaren Andre Mariaren komentua – Santa Rita komentua edo komentu zaharra izenez ere ezaguna–, eta herritarrei zuzendutako ekintza kulturalak nahiz bestelako jarduerak hartzen ditu bere baitan. 1904an iritsi ziren Arrasateko moja agustindarrak Aretxabaletara, Otalorako bainuetxeko eraikinera. Herria handitzen joan zen, eta, etxebizitza premia zegoelako, 1979. urtean Udalak komentua zegoen eremua erosi zuen. Komentu zaharra eraitsi eta Errekabarreneko etxebizitzak eta zaharren egoitza eraiki zituen. Alboko lurretan Udalak komentu berria egin zien mojei. Alabaina, 2015ean bost moja baino ez ziren gelditzen eta Errenterian ordenak duen komentura joatea erabaki zuten.
Garai hartan Unai Elkoro zen Aretxabaletako alkatea, eta azaldu du agustindarren ordezkari bat joan zela udaletxera, eraikina erosteko interesik izango ote zuten galdezka: "Bost moja besterik ez zen geratzen. Ez Aretxabaletan bakarrik, inguruko beste komentu batzuen egoera berdintsua zen, eta ondare berrantolaketa bat ari ziren lantzen. Gurea herriaren erdi-erdian egonik, berdegune eta guzti, aukera bikaina iruditu zitzaigun. Haiendako ere errazenetakoa zen saltzeko. Eraikina 1981. urtekoa da. Beste komentu asko eraikin zaharrak dira, agian, ondare historiko gisa askoz balio handiagokoak, baina beste erabilera baterako inbertsio askoz handiagoak beharko lituzketenak".
Gogoan du "luzaro" negoziatzen ari zirela, "eskaintza oso on" batekin etorri ziren arte. "1,1 milioi eurotan baloratu zuten komentua, eta agustindar elkarteak %40 dohaintzan bezala utzi zion Udalari, berau herriaren onurarako eta lurzoruan egun dagoen azalera baino gehiago ezin eraiki ahal izateko baldintzarekin", dio. 2022ko azaroan hasi ziren berritze lanekin, eta 2025eko ekainaren 17an inauguratu zuten. Karmele Igartua aretoa kokatzen da komentuko kapera izandako gunean. Erabilera askotariko aretoa da: antzerkiak, ikastaroak, hitzaldiak, dantza-saioak eta kontzertuak egiten dira. Areto horretaz gain, komentuaren beste guneetan Basotxo Erretiratuen Elkartearen lokala, Autonomia Sustatzeko Espazioa (ASE) eta Uretz taberna-jatetxea daude.

Arrasaten, San Frantzisko eliza
2025eko urriaren amaieran jakinarazi zuen Arrasateko Udalak San Frantzisko eliza 371.000 eurotan erosteko hitzarmena lortu zuela frantziskotarrekin. Salerosketa aurtengo udaberrian betetzea espero dute, eta orduan hasiko dira proiektuarekin lanean. "Aukera egokia iruditu zaigu espazio hori herritarrei zabaltzea berriz ere elkargune bezala, baina, oraingoan, kulturatik. Kulturateren parte izatera igarotzea nahi dugu, baina horrek lanketa sakona eskatuko du; beraz, epe motzean ezingo da erabili", dio Arrasateko Udaleko Hirigintza zinegotzi Garazi Etxeberriak.
BERGARAKO ETA ARRASATEKO UDALEK, ADIBIDEZ, HITZARTUTA DITUZTE 2026RAKO BI EROSKETA: ERROTALDEKO JAUREGIA ETA SAN FRANTZISKO ELIZA
Elizaz aparte, erabilera askotarikoa izan daitekeen gela bat eta bi etxebizitza ditu. Horregatik, adierazi du nagusiki eliza kultur ekitaldietara bideratuko dutela; etxebizitzak, berriz, gizarte zerbitzuetara, "nahiz eta horren bideragarritasuna aztertu beharra dagoen". Hileta zibilak egiteko espazioa ezartzea ere aurreikusten dute.
Bestalde, elizak ez izan arren, 2026an Mesedetako eskola erostea aurreikusten du Udalak, eta Musakolako Gaztetxokoa ere martxan jarri zuten duela pare bat aste Elizarena zen lokal batean, Santa Teresa elizaren atzean.
Aramaion, hainbat ermita
Baseliza asko ditu Aramaiok, eta mendeetan garrantzitsuenetakoa izandakoa da Sastiñako ermita, udaletxe ondokoa. Aramaioko alkate Asier Agirrek azaldu du 2007an –orduan ere hura zegoen alkatetzan– Sastiña itxi egin zutela, "oso egoera txarrean" zegoelako, eta Arabako apezpikutzarekin hitz egin zutela, haiena zelako: "Adostasun batera heldu ginen. Udalari lagapen bidez eraikina utzi zion, eta Udalarena da. Obrak ere Udalak egin zituen". Orain, erabilpen askotariko gunea da, eta kulturara bideratutakoa: kontzertuak, erakusketak eta halako ekintzak egiten dira; herritarrei zuzenduriko bestelako jarduerak ere egiten dira, hala nola, bilerak. Herriaren goiko sarreran dagoen Santa Ana eliza ere Udalaren jabetzakoa da, 2019 inguruan apezpikutzak dohaintzan eman ziolako. Hainbat konponketa egin zituzten, eta Agirrek iragarri du beste fase bat egiteko asmoa dutela: "Momentuan erabilpenik ez dauka, eta aurreikuspenik ere ez dugu".
Ibabeko Andra Mari ermitak izaera erlijiosoa du oraindik, eta gaur egun meza esaten da, esaterako, irailean, Andra Mari eguneko ospakizunen baitan. Hala ere, beste ekitaldi batzuk ere ospatzen dira ermitaren gunean, musikarekin zein kirolarekin lotutakoak. Maiatzean Eguzkierripa Rock jaialdia egiten dute. Ermita inguratzen duen gunea parke bihurtu zuen Aldundiak duela urte batzuk, eta gune garrantzitsua da bizilagunen eta bisitarien aisialdirako. Aisialdiko talde batzuek ere – esaterako, eskautak– eraikina eta zelaiak erabiltzen dituzte, eta mota bateko edo besteko ikastaroak ere antolatzen dira. Balio askotariko gune hura udal-jabetzakoa da eta Andra Mari Kofradiak kudeatzen du, kofradeen borondatezko lanarekin.
Untzilla, Uribarri eta Azkoaga auzoetako elizetan ere antolatzen dituzte, puntualki, ipuin-kontaketak, antzerkiak eta filmproiekzioak.

1810a ezkero, auzotarrena da Bergarako San Juan ermita
Bergarako San Juan auzoko ermita noiz eraikitakoa den ez badakite ere, auzotarrena da 1810a ezkero, urte hartan erosi baitzioten bizilagunek eraikina Udalari. Jesus Agirre, Marijo Igartua eta Edurne Arenaza Obieta San Juan auzoaren garapenerako elkarteko kideak dira, eta adierazi dute Udalak dirua behar zuenez Frantziako gerrarako, herrian zituen hainbat lursail eta ermita saldu zituela: "Eskrituretan agertzen denez, Udalak auzotarrak behartu zituen erostera". Kobrezko txanponetan egin zuten salerosketa: 3.000 erreal. Eskrituretan jartzen du ez dela elizkizunetarako bakarrik; aisialdirako ere badela.
Kultur ekintzak, 15 urtez
2011n hasi ziren kultur ekintzak antolatzen, baina urtean behin meza esaten da: San Juan egunean. "Normalean, pare bat kontzertu antolatzen ditugu urtean zehar, eta, ahal bada, ikastaro bat. Iaz, sanjuanetako lore-sortak egin genituen. Ardo dastaketak ere egin ditugu. Kontzertuak, normalean, urrian edo azaroan egiten ditugu. Jendeak ere eskatzen digu lokala kontzertuetarako". Antolatzen dituzten ekintzak doakoak izaten dira, baina bada Elizarekin lotutako keinu bat: meza-poltsa pasatzen dute, "ordainketa sinbolikoa" egiteko.
Zortea ematen duen ermita
Bitxikeriaren bat edo beste ere kontatu dute Obieta elkarteko kideek. Adibidez, musikari batek ermitako santuak tapatzeko eskatu zien kontzertu baterako: "Eukaliptoz estali genituen". Hainbat "famatu" pasatu dira San Juan ermitatik: "Esaten dugu zortea ere ematen duela hemen jotzeak, ospetsu egin aurretik, hainbatek hemen eman dituzte-eta kontzertuak. Idoia Asurmendik hemen eman zuen lehendabiziko kontzertua, Ertzak taldearekin. Bakarlari moduan eman zuen aurreneko kontzertuetako bat ere hemen izan zen. La voz-en parte hartu zuen La Jose-k ere eman zuen kontzertua, aurrez. Yune Nogueiras ere aritu da kantuan".


