EAJk "positibotzat" jo du Debagoieneko Mankomunitateak kanpaina abiarazi izana eskualdean birziklapena sustatzeko. Jeltzaleentzat birziklatzea hondakinen bilketaren giltzarria da. Urrats hori "ospatzen" den arren, jeltzaleek neurria beste modu batean kudeatuko zuten. "Hondakinak modu eraginkorrean kudeatzeko eredu baterantz benetan aurrera egiteko, beharrezkoa dela eskualdeko udalerrietan ezarri beharreko bilketa ereduari buruzko benetako eztabaida irekitzea".
"Herritarrak ez nahastu"
Debagoieneko alderdi jeltzaleak herritarrak "ez nahasteko" eskatu du. “Zabor-tasak jaisteko modua hondakinak biltzeko sistema aldatzea da. Herritarrek aukera izan behar dute zein sistema nahi duten erabakitzeko, eta, horrela, Debagoieneko udalerri guztietarako eredu eraginkorragoa eta bidezkoagoa bermatzeko”.
Ildo horretan, alderdi jeltzaleak eskatzen du herritarrek hitza izan dezatela bilketa sistemari buruzko erabakian, eta, beraz, kostuei buruzko informazio guztia batzen duen prozesu sosegatu bat ireki dadila, bizilagunek erabaki ahal izan dezaten ea atez ateko ereduarekin jarraitu nahi duten udalerri batzuetan, edo beste sistema ekonomikoago eta jasangarriago batzuetarantz aurrera egin nahi duten, hala nola edukiontzi adimendunetarantz.
Atez ateko sistema "garestiagoa"
Alderdiak, atez ateko eta edukiontzien sistema alderatu ditu: "Gaur egun, atez ateko sistemak eredua izaten jarraitzen du Oñati eta Antzuola bezalako udalerrietan, baina frogatu da sistema hori askoz garestiagoa dela edukiontzien ereduarekin alderatuta. Bi udalerri horietan, 13.601 biztanlerekin, urteko kostua 109,57 eurokoa da pertsonako, eta Debagoieneko gainerako udalerrietan, 49.486 biztanlerekin, kostua 49,28 eurokoa da biztanleko eta urteko. Datuen arabera, atez ateko sistemak edukiontzien sistemak baino %60 gehiagoko kostua du biztanleko, eta, horren ondorioz, Debagoieneko udalerri batzuk, dagokiena baino gehiago ordaintzen ari dira aipatutako bi udalerrietan sistemaren gainkostua konpentsatzeko".
"Kostuetan dagoen alde horrek saltokiei ere eragiten die, urtean 6.000 euro baino gehiago ordain baititzakete sistemaren ondorioz, eta edukiontzien sistema duten inguruko udalerrietan, berriz, establezimendu horiek berek gutxiago ordaintzen dute".
Herritarren inplikazioa eskatu dute
Azkenik, birziklapenaren kalitatea ez dagoela soilik sistema motaren mende, baizik eta herritarren inplikazioaren, zerbitzuaren kalitatearen eta eskura dauden azpiegituren mende azpimarratu dute. "Oñatik eta Antzuolak atez ateko sistema erabiltzen duten arren, Beasainek edukiontzien sistema ere erabiltzen du, eta %78ko birziklapen tasa lortzen du, udalerri horietakoaren antzekoa edo handiagoa".
Testuinguru horretan, jeltzaleek uste dute badela garaia eskualdearentzat "egokiena" den sistemari buruzko eztabaida irekitzeko, "non eraginkortasun ekonomikoa eta, kutsatzen duenak ordaindu egiten du, printzipio europarra baloratuko diren". Jeltzaleek ondorioztatu dute "herritarrek zein sistema nahi duten erabakitzeko aukera izan behar dutela, Debagoieneko udalerri guztientzat eredu eraginkorragoa eta bidezkoagoa bermatuz".