GKSk kaleak hartuko ditu zapatuan "faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren" aurka egiteko

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 29a

Gorka Etxabe, etzi egingo den manifestazioko kartela esku artean duela, Arrasateko gaztetxe kanpoan.

Gazte Koordinadora Sozialistak, GKSk, manifestazioa deitu du zapaturako, "faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren" aurka egiteko. Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da, arratsaldeko seietan, eta Iruñekoa, berriz, ordu erdi geroago hasiko da, Eroritakoen Monumentuan.

Debagoienean hainbat autobus antolatu dituzte Bilboko manifestaziora joateko; bost autobus Bergara, Oñati eta Aramaio, Aretxabaleta eta Arrasatetik. Egubakoitza da tiketak erosteko azken eguna, eta nahi duenak hamar eurotan erosi ahalko ditu Arrasateko Osorik tabernan, Bergarako Euxebio tabernan, Oñatiko Boga tabernan, Aretxabaletako Arlutz tabernan eta Aramaioko Anboto tabernan.

Bihar izango da azken
eguna Bilboko
manifestaziora
joateko autobuseko
tiketak erosteko

Gorka Etxabe GKSko militante arrasatearrak adierazi du zapatuan Bilboko kaleak hartzea garrantzitsua dela politikarekiko "errefusa" sortzen ari den garai honetan faxismoari ateak ixteko, eta alternatiba politiko sozialista "mahai gainean" jartzeko: "Batik bat, gazte langile asko politika tradizionalarekin eta, batez ere, sozialdemokraziaren promesa faltsuekin nazkatuta daudelako, eta erreakzioari ateak zabaltzen hasi direlako".

Faxismoaren gorakada bailaran

Ideia eta adierazpen faxistek "gora" egin dutela adierazi du Etxabek. Hala, gorakada hura gelditzeko aurre egin beharra dagoela gaineratu du; eta zaptuko manifestazioa faxismoaren aurrean "horma" bat eraikitzeko aukera bat dela adierazi du: "Lau haizeetara zabalduko ditugu faxismoaren aurkako aldarriak eta mezu argi batekin irtengo gara kalera. Euskal Herrian ez dugu inolako adierazpen faxistarik onartzen, eta horren aurka borrokatzeko prest gaude".

Hala, bailaran azkenaldian hainbat adierazpen faxista sumatu dituztela dio arrasatearrak. Eta, egunerokoan, adierazpen arrazista zein xenofoboetatik harago, talde erreakzionarioen adierazpenak antzeman dituzte bailarako herrietan: "Talde edo ideologia faxisten presentzia handitzen ari da, eta, nahiz eta oraindik gure bailaran egunerokotasunean presentzia gutxi izan, hazten ari da".

Instituzioak, "arazoaren parte"

Instituzio politikoei dagokienez, "arazoaren parte" direla azpimarratu du Etxabek. Azaldu duenez, "estatutik udal gobernuetaraino heltzen da autoritarismo politikoa", eta horren adibide garbia dela orain dela aste gutxi Arrasateko udaltzainen eta gazte talde baten artean gertatutako istilua: "Horregatik diogu instituzio politikoak eta gobernatzen duten alderdi politikoak arazoaren parte direla, haiek direlako gizartean faxismoa areagotzearen erantzule nagusiak. Hala, instituzio politikoei eta politikari profesionalei begira egon beharrean, gure betebeharrak alternatiba politiko berri bat sortzea izan behar du".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak