Azken urteetan jaitsiera nabarmena izan du hiri-hondakinen gaikako banaketak bailaran, Debagoieneko Mankomunitateak emandako datuen arabera. Zortzi puntuko jaitsiera izan du azken zazpi urteetan, eta azken hamarkadako kopuru baxuenetan dago gaur egun –2025eko azarora arteko datuen arabera, gaikako bilketa hiri-hondakin osoarekiko %70,74 da–.
Egoerari buelta emateko eta hondakinen bereizketa tasan emaitzak hobetzeko helburuarekin, Debagoieneko Mankomunitateak Ondo bereizi eta hirukoa saskiratu. Debagoienak irabaziko du! sentsibilizazio kanpaina abiarazi du. Azken urteetako "beheranzko joera alde batera uzteko asmoz", Debagoieneko Mankomunitateko presidente Dorleta Elkorobarrutiak adierazi du kanpainaren helburua dela "hiri-hondakinen bilketari dagokionez %80ko tasara iristea; ea epe motzean lor dezakegun".
Hain zuzen ere, duela hamar urte, 2016an, jo zuen goia gaikako bilketak, %80,19ko tasarekin, eta kopuru horietara itzultzea da Mankomunitatetik ezarri duten helburua. Horretarako, baina, ia hamar puntuko aldea gainditu beharko da.

Saskibaloia, irudi
Saskibaloia erabili dute hondakinen bilketa tasa handitzea oinarri duen kanpainaren sinbolo eta irudi gisa, eta, horrenbestez, Emakumezkoen Endesa Ligan jokatzen duen Irene Murua arrasatearra izan da kanpainaren protagonista. Hauxe adierazi du Muruak kanpainaren inguruan: "Oso ekimen polita iruditu zait eta uste dut oso ondo atera dela. Erakargarria da saskibaloiarekin lotzeko erabilitako modua; izan ere, saskibaloian eta birziklapenean taldeko lan bat eta helburu bat dago atzean, baina, era berean, bakoitzaren ardura da norbere etxean dagokion moduan jokatzea".
Egoera kezkagarria
Hiri-hondakinen gaikako banaketak jasan duen beheranzko joerak kezkatzen du Mankomunitatea, eta hori izan da kanpaina abiaraztearen arrazoi nagusia, Elkorobarrutiak adierazi duenez: "Ez da soilik datuak jaitsi direla. Beheranzko joera bat markatu da azken urteetan eta uste dugu kezkagarria eta kontuan hartzekoa dela. Ohitura onak berreskuratu behar ditugu, bai edo bai, eta kanpaina horren funtsa hori da. Egoera ez balitz kezkagarria izango, ez genuke horren guztiaren beharrik izan beharko, baina uste dugu garaia dela azkenengo urteetako joerari buelta emateko. Horregatik bultzatu dugu kanpaina hori". Helburuak lortzeko orduan, Elkorobarrutiak taldeko zein bakarkako lanari ematen dio garrantzia: "Gauza txikiekin eta norberak lana eginda, gauza handiak lor daitezke eskualde mailan. Inflexio puntu baten beharra dugu joera aldatzeko, eta lanketa horretan eragile guztiok zein norberak parte hartu behar dugu".
Dagoeneko lanean
Kanpaina aurkeztuta, zabaldu dute bideo iragarkia eta banatu dituzte esku-orriak. Mankomunitateko ordezkariek adierazi dute aurrerantzean "bildutako hondakin mota bakoitza nora doan azaltzen duen bideo bat" zabalduko dutela eta "ikerketa soziologiko bat" hasiko dutela, "inkesta telefonikoetatik abiatuz, hondakinak bereizten ez dituzten herritarren tipologia eta arrazoiak jakin eta etorkizunerako neurriak eraginkortzeko".