Garikoitz Iturbe eta Edorta Zubizarreta –Aretxabaleta eta Eskoriatzako alkateak–, Gipuzkoako Aldunditik etorritako Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua den Felix Urkiola, eta, Plangintza eta Ustiapeneko foru zuzendaria den Mikel Uribetxebarriarekin elkartu dira, bidegorriak eta hauek hobetzeko lanak hizpide izan dituzten batzarrean. Urkiolak, alde batetik, Urkulun oinezkoentzako "bide seguru bat" egiteko asmoa erakutsi du, eta, bestetik, Vasco-Navarro trenbidearen trazaduraren proiektu historikoa berreskuratzeko proiektuen inguruan mintzatu da. "Oso proiektu esanguratsua lantzen ari da Aldundia; aisialdiari, mugikortasun jasangarriari eta Leintz bailarako ondare historikoari dagokionez potentzial handia duena", adierazi du Urkolak.
Oinezkoentzat bidea Urkulun
Aldundiaren asmoetako bat da Urkuluko urtegian oinezkoentzako ibilbide berri bat egokitzea, "Aretxabaletan eta eskualde osoan asko erabiltzen den aisialdirako eta kirolerako naturaguneetako bat baita". Gaur egun Aozaratza eta urtegiaren zatian, 200 metro inguru oinez egin behar dira. "Egoera hori konpontzeko, Aldundiak proiektu bat idatzi du, tarte horretan bi metroko zabalerako oinezkoentzako bide bat eraikitzea aurreikusten duena, 141.388,39 euroko aurrekontuarekin. Proiektua jendaurrean jarriko da orain, eta, ondoren, behin betiko onartuko da. Behin onartuta, obrak lizitatuko dira, eta 2026aren amaierarako egitea aurreikusita", argitu du Urkiolak.
Eskoriatza eta Arlaban lotzea helburu
Bigarren proiektuak, Vasco-Navarro trenbide historikoa bidegorri ibilbide gisa berreskuratzean datza. Trenbideak, Eskoriatza eta Arlaban lotzen zituen, 18 kilometroko ibilbidean zehar eta %1,5eko batez besteko maldarekin; ibilbidean zehar, 12 tunel zeuden. Proiektu hau "pisu handiagokoa" litzateke, baina, "balio handikoa Leintz bailararentzako, mugikortasunaren eta balio historiko eta kulturalaren ikuspegitik". Horregatik, Aldunditik "proiektua eguneratzeari" ekin diotela adierazi dute.
Horretarako, ordea, Aldundiak "beharrezkoa" ikusten du irtenbide teknikoak eta aurrekontuak "berrikustea", zati eta tunel batzuek, gaur egun, ezinezko igarobidea dutelako. "Gipuzkoako Foru Aldundia Vasco-Navarro trenbidearen trazaduraren egoera aztertzen ari da berriro, proposamen bideragarri bat planteatu ahal izateko. Balio sozial, natural eta historiko handiko espazio bat berreskuratzeko ekimen bat da", adierazi du Urkiolak.
Bailaran 8,2 kilometro eraberritu dira
Azken hilabeteetan, Debagoieneko hainbat puntu eraberritu ditu Aldundiak Bergaratik Eskoriatzara arteko tarteetan; azaldu dutenez, iazko urritik orain arte, 8,2 kilometro eraberritu dituzte 350.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Lan horien baitan, bide-zoruak hobetu, egurrezko hesiak berritu eta bidegorrien ertzak eta sastrakak garbitu dituzte. Urkiolak esaterako, Aretxabaletako eta Eskoriatzako eremu zehatzean egindako lanen berri eman die alkateei: Bidegorria GI-627 errepidearen azpitik igarotzen den puntuaren –Aretxabaletan– eta Eskoriatzako tunelaren sarreraren arteko zatian, 1,7 kilometrotan egindako esku-hartzeak, hain zuzen. "Azpiegitura horiek egoera onean mantentzea garrantzitsua, segurtasuna, iraunkortasuna eta eguneroko erabilera egokia bermatzeko", esan du diputatuak.
Azkenik, Felix Urkiolak, departamentuak bide beretik lanean jarraitzeko asmoa berretsi du: "Aldunditik uste dugu bizikletentzako eta oinezkoentzako ibilbideak bizi-kalitatean eta ongizatean benetan eragiten duten espazioak ere badirela, eta, aldi berean, udalerrien arteko lotura ere badirela". Era berean, Urkiolak udalekiko lankidetzaren "garrantzia" azpimarratu du, "lanak lehenesteko" eta Gipuzkoako bidegorri sarearen garapenean "modu koordinatuan" aurrera egiteko.