Intentsitate handiko norgehiagoka jokatu zen atzo Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Bigarren itzuliko 14.jardunaldiaren baitan, Soraluce BKEk Arrasate Eskubaloi taldea izan zuen aurkari, eta, lehen zatian Arrasateko taldea markagailuan nagusitu bazen ere, etxekoek, markagailuari buelta emanda, partidua 27 eta 25 irabazi zuten etxekoek. Norgehiagoka "oso fisikoa" izan zela nabarmendu du Ander Maiztegik, Soraluce BKE taldeko jokalariak: "Arrasateren aurkako partiduak gogorrak izaten dira beti. Oso fisikoak izaten baitira".
Norgehiagokari dagokionez, Arrasate Eskubaloik "erritmo onean" hasi zuen partidua. Lehen zatian, hiru goleko abantailarekin izan ziren arrasatearrak, baina, hala ere, bigarren zatian bergararrak sendo aritu ziren defentsan, eta markagailua iraultzea eskuratu zuten erasoan izan zituzten aukerak baliatzeari esker. Zentzu horretan, Maiztegiren iritziz, "defentsa ona" gakoa izan zen lehia irabazteko: "Defentsa ongi landuta daukagu, eta kontraerasoa ongi geldituz gero blokean ongi defendatzen dakigu".
Derbia Labegaraietan gelditu bazen ere, Eki Letonak, Arrasate Eskubaloi taldeko jokalariaren ustez, bergararrek izandako gol aukera garbiek erabaki zuten partiduaren norantza: "Oso defentsa ona dute, eta une askotan erasoan ezin izan ditugu golak egiteko aukera garbiak sortu. Gol aukera garbiagoak izan dituzte, eta uste dut horregatik irabazi dutela partidua".
Seigarren postuan
Garaipenari esker, mahoneroak sailkapen taulako lehen sei taldeen artean sartu dira. Maiztegik azaldu duenez, bide horretatik jarraitzea izango dute helburu: "Aurreko astean ere Zumaiaren aurka partidua irabazi genuen, eta lanak ondo egiten jarraitzea da gure helburua. Bost edo seigarren postuan mantentzea eta gora apuntatzen jarraitzea". Hurrengo astean, bergararrek bigarren sailkatua den Zarauzko taldearen aurka jokatuko dute etxetik kanpo.
Arrasatearren kasuan, Irungo Txingudi Goibar taldea izango dute aurkari. Letonak dioenez, hurrengo astekoa garrantzitsua izango da etxean daramaten dinamika onarekin jarraitzeko eta sailkapen taulan gora egiteko: "Etxean aurten oso ondo ari gara jokatzen. Partidu bakarra galdu dugu, baina, Txingudiren aurkakoa erabakigarria izango da guretzako".