Jorge Davilak gidatutako mutilek eguraldi aldetik kontrastez betetako partidua izan dute: lehen zatian eguzkia izan da nagusi; bigarrenean, euri zaparrada mardulak eta hotza. Baina horrek ez ditu kikildu, eta partidua erabaki duten lau golak zati bakoitzeko lehen minutuetan egin dituzte.
Hala, lehen zatiko 15. eta 18. minutuetan izan dira lehen bi golak; beste biak, bigarren zatiko 7. eta 15. minutuetan. Norgehiagokak, gainera, protagonista nagusi bat ere izan du: Iker Perez, lau goletatik hiru egin dituen Mondrako jokalaria. Bereak izan dira lehenengo biak eta azkena; hirugarrena aldiz, Orioko Unai Garatek sartu du bere atean. Eta arrasatearrek gol aukera gehiago ere izan dituzte, bigarren zatian bi jaurtiketa atearen makilen kontra joan direlako.
Lidia Barragan epaileak hiru txartel hori eta gorri bat atera ditu neurketan zehar denak ere Orioko jokalariei. Txartel gorria Jagoba Urangarentzat izan da, Mondrako jokalari bati ukalondoko bat ematearren.
Emaitza, "egindako lanaren isla"
"Pozik gaude, lan ona egin dugulako. Egiten gabiltzana ondo egiten gabiltza eta gaurko emaitza izan da horren isla", azaldu du Mondrako entrenatzaile Jorge Davilak partiduaren ostean. Partiduaren gakoaz galdetuta, azaldu du lehen minutuetako golak garrantzitsuak izaten direla, baina taldea "ondo" ikusi duela eta garrantzitsua dela gaurkoa moduko emaitzak lortzea “lana egiteko gogoarekin” jarraitzeko.
Gaurko partidua hasi aurretik sailkapeneko zazpigarren postuan zegoen Mondra eta denboraldiari geratzen zaionean "dena lehiatzeko" gertu daudela gaineratu du Davilak: "Astean zehar lan ona egiten saiatzen gara . Gero, asteburuan, talde moduan ditugun dohain guztiak zelaira eroaten baditugu, edozeinen kontra egiteko gai gara".