Bailarako eskola kiroleko eragileak "ongi" egokitu dira aldaketaz betetako ikasturtera

Ibai Irasuegi Garai 2026ko urtarrilaren 23a

Leintz Eskola Kirolak iaz antolatutako 3x3 saskibaloi txapelketa. Irudia: Goiena.

LEK, Oñatiko Eskola Kirola eta Elgetarekin eta Antzuolarekin elkarlanean egiten den Bergara Eskola Kirola dira abian dauden eragileak. Guztietan, kasu, izen emate eta hezitzaile kopuruek behera egin dute bailaran.

Neska-mutikoek 13 urte bete arte dagoeneko ez dute eskola kirola derrigorrez egin behar kirol jarduera federatu bat egin nahi izanez gero. Abian den ikasturte honetan gauzatu da aldaketa, eta, hasi aurretik Debagoieneko eskola kiroletako eragileen artean ziurgabetasun hitza protagonista bazen ere, haien arabera "ongi" egokitu dira egoerara, nahiz eta haurren izen emate eta begirale kopurua jaitsi egin den.

Debagoieneko kasuan, LEK, Oñatiko Eskola Kirola eta Elgetarekin eta Antzuolarekin elkarlanean egiten den Bergarako Eskola Kirola dira abian dauden eragileak. Hiruren artean 1.500 ume baino gehiagok eman dute izena aurtengo ikasturtean, eta, iazko datuekin alderatuz, aurten 800 izen emate gutxiago izan dira bailaran.

Iazko datuekin alderatuz, aurten 800 izen emate gutxiago izan dira bailaran

 

Eragileak 'baikor' daude

Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako eta Aramaioko udalek, Arizmendi Ikastolako sei gunek eta herri eskoletako bost ikastetxek hartzen dute parte LEKen. Debagoienean haur gehienekin lan egiten duen eragilea da, eta aurten 800 haurrek baino gehiagok eman dute izena ikasturtean; iaz baino 300 gutxiagok. Hala ere, Julen Perales LEKeko arduradunak azaldu duenez, aldaketa begi onez ikusten dute; hain zuzen ere, egoera arduratik eta lasaitasunetik bideratu dutelako, eta inpaktua horrelakoa izango zela aurreikusten zutelako: "Beste ate bat ireki zaigu. Aro berri baten hasiera da, eta argi dago egokitu egin behar dugula gaur egungo gizarteak eskatzen duenera". Egoerara egokitzeko "azterketa sakona" egin dutela adierazi du Peralesek, eta, horretarako, "eragileei, gurasoei, haurrei, elkarteei, udalei eta ikastetxeei entzunda", berrikuntzak egin dituzte aurtengo ikasturtera begira. 

Bergarako Eskola Kirolen kasuan, 445 neska-mutikok eman dute izena; iaz baino 75 haur gutxiagok. Izen emate kopuruari dagokionez, bailarako datu egonkorrenak dira. "Nagusienetan izan da jaitsiera handiena, baina txikienetan –LH-1 eta LH2– aurreko urtean baino ikasle gehiagok eman dute izena", gaineratu du Unai Orgazek, Bergarako Eskola Kiroleko arduradunak. Herri mailan, Bergarako Udalak, ikastetxeek, Eskola Kirolak eta kirol sailek itun bat sinatu zuten eskola kirolen programaren alde zirela berresteko. Itunaren bitartez, herriko eskola kirol ereduari babesa eman zitzaion: "Garrantzitsua da erakustea eredu honen alde egiten dela eta kirol sail guztiak bide berean doazela".

Datuei erreparatuz, Oñatin izan da aldaketa nabariena, %59 jaitsi baitira izen emateak: 564tik 234ra. Eneko Garetxana Oñatiko Udaleko Kirol teknikariak dioenez, "haur gehiagok izena ematea" espero bazuten ere, "ikasturtea normaltasunez hasi dute", eta, gaur-gaurkoz, "martxa onean" dihardu: "Nahiz eta izan dugun jaitsiera ez aurreikusi, egoera berrira nahiko ondo egokitu gara, eta izena eman duten haurrak oso gustura daude".

Eragin zuzena hezitzaileengan

Izen emateak jaisteak eragin zuzena izan du monitoreen kopuruan ere, ume gutxiago izateak haien zaintzaile kopurua gutxitzea eragin baitu. Horiek horrela, LEKen 45 –iaz 61–, Oñatin 9 –iaz 16– eta Bergaran 9 –iaz 12– hezitzailek egiten dute lan bailarako eskola kiroleko eragileetan. LEKen kasuan, monitore gutxiago badaude ere, kopuru jaitsierak hezitzaileen kalitatea "bermatzea" ekarri duela nabarmendu du Peralesek: "Apustua egin da zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Horretarako, garrantzia eman diogu monitoreen presentziari". Bergaran, adibidez, hezitzaile gutxiago daude aurten, baina, Orgazen arabera, kopuruak behera egin du monitoreek euren lanak "beste lan batzuengatik utzi behar" izan dituztelako.

"Apustua egin da zerbitzuaren kalitatea hobetzeko. Horretarako, garrantzia eman diogu monitoreen presentziari"

JULEN PERALES, LEINTZ ESKOLA KIROLA

Funtzionamendua, ia berdin

Aurtengo ikasturteak izen emate eta hezitzaile kopuruan izan du eragin handiena, baina, funtzionamenduari dagokionez, ez du aldaketa handirik izan. LEKen, kasu, Kirol Hastapen Mahaia eta mahai teknikoa sortu da udaletxeko kirol teknikariekin. Hala, hilabetean bi bilera egiten dituzte eskola kirolaren norabidea zein izango den aztertzeko, eta eskola kirola oinarri izanda "multikirolaren eredua sendotzeari babesa emateko". 

Kirol aniztasuna ardatz

Egoerak ez du eragin bera izan bailarako eskola kiroleko eragile guztien artean. Hala ere, Bergarako Eskola Kirolekoek, Oñatiko Eskola Kirolekoek eta LEKekoek nabarmendu dute "ongi" egokitu direla egoerara, eta argi dute "kirol aniztasuna" sustatzeko ereduak indartzen jarraitzea "oso garrantzitsua" dela. "Eragile guztiak gabiltza egokitu nahian. Hala ere, argi dugu haurra jarri behar dela erdigunean eta adin goiztiarrean kirol aniztasunak izan behar duela ardatza", azaldu du Garetxanak.

Lehiaketa hutsetik harago, urteetan zehar "eragile askoren artean eraiki den antolaketa bat" dela dio Peralesek: "Balioak lantzeko, ohitura osasungarriak sortzeko eta haur guztiei kirola egiteko aukera emateko tresna bat".

Debagoieneko eskola kiroletako eragileen balorazioa

Unai Orgaz - Bergarako Eskola Kirola

"Nahiko pozik gaude izen ematearekin. Garrantzitsua da erakustea eredu honen alde egiten dela eta kirol sail guztiak bide berean doazela"

Julen Perales - Leintz Eskola Kirola

"Beste ate bat zabaldu zaigu. Hau aro berri baten hasiera da eta argi dago egokitu egin behar dugula gaur egungo gizarteak eskatzen duenera"

Eneko Garetxana - Oñatiko Udaleko Kirol Teknikaria

"Nahiz eta izan dugun jaitsiera ez aurreikusi, egoera berrira nahiko ondo egokitu gara. Eskola kirolean izena eman duten haurrak oso gustura daude"

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak