Grebaren ardatz nagusietako bat gutxieneko soldata propioa lortzea eta soldatak, oro har, hobetzea da. "Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu" adierazi du sindikatuak. LABen kalkuluen arabera, soldatek 2008ko maila berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago banatuko lirateke; sindikatuaren ustez, kopuru horren zati batek gutxieneko soldata bermatzeko aukera emango luke.
LABek nabarmendu du Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata beharrezkoa dela, egungo soldatek oinarrizko gastuei aurre egiteko zailtasunak sortzen dituztela argudiatuta. "Patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari. CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aurrez pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten" azpimarratu dute.
Sindikatuak adierazi du "sektore pribatuan zein publikoan soldaten aurkako presioak etengabeak direla, eta absentismoaren inguruko eztabaida murrizketa berriak justifikatzeko erabiltzen ari dela". Horren aurrean, Greba Orokorraren bidez langileen indarra erakusteko deia egin du. LABek grebaren aldarrikapen nagusien artean aipatu ditu: "1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea, arrakala matxista eta arrazistak murriztea, soldata guztiak igotzea, enpresa eta sektoreka soldatak hobetzea, gutxieneko pentsioak eta prestazioak handitzea, sortzen den aberastasuna modu justuagoan banatzea eta soldatak Euskal Herrian bertan erabakitzeko eskumenak eskuratzea".
Amaitzeko, LABek Debaldea eskualdeko langileei dei egin die euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitutako greba orokorrarekin bat egitera, eta gaineratu dute mobilizazio eguna arrakastatsua izan dadin lanean jarraituko dutela.