Traste zaharren zerbitzua "arduraz" erabiltzeko eskatu die Mankomunitateak herritarrei

Hasier Larrea 2026ko urtarrilaren 19a

Egunotako erabilera desegokiaren adibide bat (Argazkia: Debagoieneko Mankomunitatea).

Azken asteotan sailkatu gabeko zaborra, eta bilketa horri ez dagozkion hondakinak jaso ditu traste zaharren bilketa zerbitzuak, "kantitate handietan, batez ere Arrasate, Bergara eta Aretxabaletako zenbait gunetan". Oro har, "zerbitzuaren erabilera desegokia" egiten dela nabarmendu dute Mankomunitateko arduradunek. 

Hori dela eta, Mankomunitateak zerbitzua "era arduratsuan" erabiltzeko deia luzatu die herritarrei, soilik bilketa horri dagozkion hondakinak atera ditzaten eskatuz: "Besteak beste, altzariak, koltxoiak eta tamaina handiko etxetresnak. Kontrara, errefusa, ehunkiak edo kartoia ezin dira horiekin batera modu nahasian atera; bakoitza dagokion edukiontzira bota behar da".

Era berean, gogoratu dute traste zahar edo tamaina handikoak ateratzeko herri bakoitzean egutegi eta ordutegi zehatz bat dagoela finkatuta, eta hori errespetatzeko deia egin dute, baita aurrez abisua emateko telefono zenbakira deitzeko ere: 943 71 19 38.

Egutegiari dagokionez, Arrasaten eta Bergaran astearteetan 20:00etatik 22:00etara pasatzen dira edukiontzi-eremuetako traste zaharrak biltzera.  Aretxabaletan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan, Antzuolan, Oñatin eta Elgetan, aldiz, ostegunetan, 20:00etatik 22:00etara bitartean.

Baldintzak betetzea, "oso garrantzitsua"

Gehitu dutenez, zerbitzua era egokian eta aurreikusitako egunetan egin dadin, ezinbestekoa da herritarrek traste zaharrak aipaturiko baldintzak jarraituta ateratzea, "bestela, bilketa zerbitzua guztiz zailtzen zaigu". Adibide modura jarri dute azken asteotan gertatutakoa: "Sailkatu gabeko zaborra eta bilketa horri ez dagozkion hondakinak jaso behar izan ditugu denbora luzez, ondorioz, beste puntu batzuk jaso ezinik utzi behar izan dira, edo beranduago jaso dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak