Hedabide gehienentzat garrantzi handikoa izan ohi da erabiltzaileek norberaren inguruan izaten duten iritzia jakitea, horren baitan beharrezkoak izan daitezkeen hobekuntza ezberdinak identifikatu eta gauzatu ahal izaten dituztelako. Goiena Komunikazio Taldea ez da salbuespena. Horregatik, bi urtetik behin bidaltzen dizkie bezero eta erabiltzaileei asebetetze-inkestak, haiek Goienari buruz eta Debagoienean kontsumitzen diren gainontzeko hedabideei buruz zein iritzi duten jasotzeko.
Erakundearen kulturaren parte
25 urte hauetan Goienak garrantzi handia eman dio erabiltzaileen ahotsari, horrek etengabeko hobekuntza dakarrelako. Goienako eduki-arduradun Eneko Azkarateren arabera, hori erakundearen beraren kulturaren parte da: "Goienak urteak daramatza egiten duen horren gaineko iritzia jasotzen; bezeroen eta erabiltzaileen iritziak jasotzen. Erakundean sustraituta dagoen kultura da". Erabiltzaileei bidaltzen zaien inkesta horiez gain bestelako neurketak ere egiten dituztela azpimarratu du Azkaratek; tartean, iturriei bidalitako inkestak: "Goienako kazetariek hilero-hilero bidaltzen dizkiete asebetetze-inkesta laburrak euren iturriei; hau da, albistea egiteko informazioa eman dietenei".
Emaitza onak
2025ean egindako inkestetan Debagoieneko herri guztietako erabiltzaileek hartu dute parte, eta jasotako erantzunen %97,8 Goienakideek emandakoak izan dira. Haien artean, gehienak emakumezkoak izan dira: %58; gizonezkoen kopurua, berriz, %42koa izan da. Adinari erreparatuta, erantzun duten pertsona gehienek 35 eta 70 urte bitarte zituzten, eta %57,6k zituzten unibertsitate ikasketak eginda.
Emaitzei dagokienez, erabiltzaileak pozik daude Goiena Komunikazio Taldea osatzen duten hedabideekin, eta nota ona jarri diete guztiei. Notarik onenak –ona eta bikaina– papereko bi aldizkariek jaso dituzte; hau da, Puntua-k eta GOIENA aldizkariak. Paperezko produktuetatik kanpo, Goiena.eus atariak eta Goiena telebistak jaso dituzte balorazio onenak. Goiena, oro har, ondo baloratzen dute erabiltzaileek, hau da, gustura daude haren jardunarekin.
'Puntua' eta GOIENA aldizkariak izan dira erabiltzaileek ondoen baloratu dituzten hedabideak
Goiena Komunikazio Taldea osatzen duten hedabideen inguruan modu orokorrean galdetzeaz gain, haiek jorratzen dituzten edukietan ere jarri du arreta inkestak. Aipatu zitezkeen esparru guztien artean, Goienak edukiak modu sinesgarrian jorratzen dituela nabarmendu dute erabiltzaileek. Horrez gain, eduki horiek izaten duten gaurkotasuna ere oso ondo baloratzen dela erakusten dute emaitzek. Goiena kontsumitzeko arrazoien inguruan galdetuta, lau erantzun nabarmendu dira, bereziki: gertuko informazioa ematen duelako (%94), informazioa euskaraz ematen duelako (%67,6), sinesgarria delako (%38,5) eta kalitatezko informazioa ematen duelako (%36,3).
Debagoienean kontsumitzen diren hedabideen inguruan modu orokorrean galdetuta, Euskadi Irratiak jaso du erabiltzaileen notarik onena; bigarren postua Goiena osatzen duten hedabideentzat izan da; eta hirugarrena, berriz, ETB1entzat. Azkarate pozik dago emaitza horiekin: "Bestetik, beste hedabide batzuen inguruan galdetzen diegunean zein duten gustuko, nota altuenak jasotzen dituzte Euskadi Irratiak eta Goienak, eta hori ere oso pozgarria eta esanguratsua da guretako, Euskadi Irratia eredua delako Goienarendako, kazetaritza eta hedabide on eta eraginkorrari dagokionez".
Pluraltasuna oinarri
Hedabidearen pluraltasuna elementu garrantzitsua izaten da informazioa tratatzeko orduan. Aspektu horretan, erabiltzaileen %70,8k Goiena politikoki plurala dela nabarmendu dute. Komunikazio taldea erabat plurala ez dela pentsatzen duten erabiltzaileak %9,9 izan dira –gainontzekoek ez dakitela adierazi dute–.
Goiena pluraltzat ez dutenei haren ustezko lerrokatze politikoarengatik galdetuta, ez da adostasun nabarmenik egon: %47k uste dute taldea EH Bilduren alde lerrokatzen dela, eta %42k, berriz, EAJren alde. Eduki-arduradunak positibotzat du pertzepzio hori: "Hedabide gutxi izango dira, baldin badago, horren moduko pertzepziorik dutenak beren kontsumitzaileek hedabide horren pluraltasunaren gainean; guretako plurala eta sinesgarria izatea batera doaz, eta poztu egiten gaituzte erabiltzaileek emandako erantzunek".
Debagoienean nagusi
Pertzepzio positibo hori islatuta agertu da CIES etxearen 2025eko bigarren audientzia neurketan. Txosten horren arabera, Goiena erreferente da Debagoienean, eta GOIENA aldizkaria da bailaran gehien kontsumitzen den hedabidea, astean 26.000 irakurlerekin. Zerrenda horretako bosgarren postuan Goiena.eus ataria ageri da, eguneko 10.000 erabiltzailerekin. Hala ere, aipatu beharrekoa da laugarren eta seigarren postuetan dauden Radio Euskadiren eta Euskadi Irratiaren audientzia kopuru bera duela.
Bailarako hedabide kontsumituenen zerrenda horretan zortzigarren postuan dago Goiena telebista. Eguneko 6.000 ikus-entzule ditu, eta. datuek erakusten dutenez, gora egin duen bakarretakoa da, ETB1ekin batera. Neurketak utzitako emaitzekin pozik dago Azkarate: "Datuek erakusten dute Goiena erreferente nagusia dela Debagoienean eta jendeak gertuko hedabideak gustuko dituela: goiena aldizkaria da nagusi Debagoienean, askogatik, eta Goiena.eus eta Goiena telebista daude bailarako zortzi hedabide kontsumituenen artean; Goienaren sarekoa, bosgarren. Gainera, aurreko neurketekin alderatuta, hedabide gehienek behera egin dute, eta GOIENA aldizkariak eta Goiena.eus-ek eutsi egiten diote eta Goiena telebistak gora egin du".