Askotariko liburu, disko eta film berrien gomendioak batzen dituzten bi gida –Biblioporrak, udan eta Neguko gida–argitaratzen dituzte urtero Arrasateko, Aretxabaletako, Aramaioko, Oñatiko, Bergarako, Eskoriatzako eta Legazpiko udal liburutegiek elkarlanean; urte asko daroate gomendio gida horiek argitaratzen eta Elgetako biblioteka batu zaie argitaratu berri duten Neguko Gida ekimenera. "Biblioteka askotan jarraitzen dituzte gure gida horietako gomendioak, Gabonetako turroia bezala, klasiko bat gara", azaldu du azken Neguko Gidaren koordinatzaile lanetan jardun duen Arrasateko Bibliotekako zuzendari Asun Agirianok.
Paperean eta digitalean
Haur txiki-txikiendako, lehen irakurleendako, gazteendako eta helduentzako askotariko liburu berrien zerrendaz gainera, udal biblioteketan dituzten disko eta film berrien proposamenak ere batu dituzte. Arrasateko Helena Azkarraga-Urizar artistak egin ditu ilustrazio eta maketazio lanak.