Osakidetzako medikuek 48 orduko greba hasi dute estatutu propioa eta negoziazio-mahai espezifikoa irekitzea eskatzeko. Joan den abenduan ere lanuzteak egin zituzten, baina Euskadiko Sendagileen Sindikatuak salatu duenez, "Espainiako Osasun Ministerioak ez du hurbilketarik egin". Hori dela eta, mobilizazio gehiago deitu dituzte.
"Egungo Esparru Estatutuan jasota ez dauden lan-baldintzak, osasunerako arriskuak eta kontziliaziorako zailtasunak ditu medikuen kolektiboak", Sindikatuaren arabera. Aldarrikapen nagusien artean daude guardiak pixkanaka murriztea, guardia horiek borondatezkoak eta aparteko lantzat hartzea, lan egindako denbora guztia erretiroari begira zenbatzea eta karrera profesionalean BAMEren prestakuntzan emandako urteak aitortzea.
Grebarekin bat egin dute SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak. Mobilizazioak egin dituzte gaur goizean Donostiako Unibertsitate Ospitalearen eta Onkologikoaren arteko ibilbidean eta Bilbon, Gurutzetako Ospitalearen atarian. Iruñean, berriz, manifestazioa deitu dute 19:00etan, Gazteluko plazatik abiatuta.
Greba mugagabea aukera bat da
Nestor Morchon Euskadiko Sendagileen Sindikatuaren presidenteordeak ohartarazi duenez, "ez dute greba mugagabea baztertzen, aurrerapausorik egiten ez bada". Datu ofizialen arabera, aurreko deialdiek ez zuten % 20ko jarraipena gainditu Osakidetzan, baina, oraingo honetan 9.000 profesional inguru daude lanuztera deituta.
Gutxieneko zerbitzuei dagokienez, lehen mailako arretan gutxienez mediku bat egon beharko da zentro bakoitzeko; ospitaleko arretan jaiegunetan bezala funtzionatuko dute, eta larrialdiak, kirurgiak eta onkologia % 100ean artatu beharko dira.