Sagardo Berriaren Eguneko ekitaldiak 12:00etan hasiko dira, Erribera kultur etxean egingo den aurkezpenarekin. Ekitaldia amaituta, Petritegi sagardotegirako bidea hartuko dute, kupela ireki eta uzta berriari lehen tragoa emateko.
Behin sasoiari hasiera emanda, irekiera ekitaldi gehiago izango dira datozen egunotan. Bihar, urtarrilak 15, Goierriko sagardotegien txanda izango da. Araban ostegun honetan ekingo diote, Trebiñu sagardotegian, eta Nafarroan Lekunberriko Toki-Alai aukeratuko dute lehen tragorako.
Txotx garaiko kudeaketa hobetzeko neurria
Hernaniko Udalak abenduan iragarri zuen, 2026ko txotx garaiko zapatutan Hernanira doazen autobus pribatuek tokia erreserbatu beharko dutela. Urtarrilaren 24tik maiatzaren 9ra, Hernanin aparkatzeko eta bidaiariak utzi eta jasotzeko egin beharko da erreserba: udalaren www.hernani.eus orriko loturatik edo zuzenean aparkalekuerreserba.hernani.eus helbidera sartuta.
Neurri berria denez eta froga fasean dagoenez bai sistema zein antolaketa, urtarrileko lehen hiru larunbatetan doakoa izango da, baina erreserba egitea nahitaezkoa izaten jarraituko du. Froga fasearen ostean, tokia erreserbatzearen truke, tasa bat ordaindu beharko dute autobus pribatuek: 9-34 plaza arteko autobusek 60€ eta, autobus handiek, 35 plazatik gora, 100€. Erreserbak egokitu ahal izango dira bezpera arte eta, ezeztatu astebete lehenago arte.
Azken urteetan, txotx garaian Hernanira jende asko joaten dela ikusita, Udalak neurriak hartu ditu "txotx-garaia ekitaldi jendetsua bihurtzen hasi zen duela hamar urte inguru, espazio publikoaren kudeaketan eta herriko bizikidetzan eraginez: hernaniar askok eguneroko bizimodua normaltasunez aurrera eramateko zailtasunak sentitzen baitituzte". Horregatik, txotx-denboraldian erdigunean ematen den mugimendua antolatzea helburu, ekintza-plan integrala garatu du Hernaniko Udalak, " jarduera ekonomikoaren eta bertako herritarren ongizatearen arteko oreka bilatuz eta, bertako kulturaren eta sagardoari lotutako identitate elementuen zaintza eta sustapena lantzeko xedez".
3,1 milioi litro sagardo
Euskal Sagardoa deiturapean 46 sagardotegi ari dira lanean egun Euskal Herrian. Azken urtean, 3,1 milioi litro sagardo ekoitzi dituzte, bertako 250 sagastietako 4,4 milioi kilo sagar erabilita. Uzta handia izan da, baina espero baino % 15 sagar gutxiago bildu da orokorrean.