Txatxilipurdik, Bizipoza Elkartearekin elkarlanean, ertzetako gai eta errealitateak erdigunera eramatea helburu duen proiektua abiarazi zuen martxoan. Denbora honetan guztian barne lanetan murgilduta egon dira; besteak beste, "Bizipoza Eskola baliabide didaktikoa bailarako hezkuntza arautu eta ez arautuko hezitzaile guztiei aurkezten, Zapotxin eta Pontx pailazoen laguntzarekin". Orain, denbora horretan landutakoa kalera ateratzea da euren asmoa, eta Debagoieneko herrietan egingo dute hori. Herri bakoitzeko errealitatea berbera ez denez, proiektuaren forma aldatu egingo da herriz herri. Ertzetako gaiak lantzen dituzten herri bakoitzeko hainbat eragileren laguntza izan dute proiektuan Txatxilipurdikoek, eta eragile horien lana ezagutarazi eta balioan jartzen duten bideoak argitaratuko dituzte datorren astelehenetik hasita, astelehenero.