Gipuzkoako final gehienak telebistaz grabatu eta eskainiko dira, jokamolde askotako partidak barne: ezker horman eskua, zesta-punta, erreminta, joko garbia, trinketa, xarea eta errebotea, besteak beste. Telebistaz emango diren finalen erdiak emakumeen partidak izango dira, "federazioak emakumeen pilotaren alde azken bi hamarkadetan egindako apustuaren erakusgarri".
Iñaki Lizasok, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidenteak, azpimarratu zuen euskal pilota gure "herriaren ondarea, kirola eta kultura" dela, eta pilota hotsak herriz herri gure identitatea islatzen duela. Alabaina, kirol hegemonikoen nagusitasunak euskal pilotaren ikusgarritasuna eta zabalkundea zailtzen dituela ohartarazi zuen, bereziki gazteengana iristeko garaian. Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa dela nabarmendu zuen “gurea indartzea, balioan jartzea eta etorkizunari begira bide sendo eta herrikoi bat eskaintzea”.
Elkarlanaren helburua da, “teknologia berrien, tokiko komunikabideen eta euskal enpresen bidez, gure kirola etxeetara eta pantaila guztietara eramango dugu, herri mailan zein mundu mailan” adierazi zuen Lizasok.
Konpromisoa
Tokikom sarearen izenean, Jon Aldanondok nabarmendu zuen tokiko komunikabideek ere euskal pilotari lekua egin nahi diotela, lan profesional eta kalitatezkoa eginez: “Gure misioarekin bat dator, eta medio guztietan zabalduko dugu”.
Akordioaren baitan, Izarkomek internet konexioa bermatuko du Gipuzkoako final guztietan, eta Trinketeko Gipuzkoko Txapelketa babestuko du. Iker Garaialde Izarkomeko zuzendariak azaldu zuenez, ez da patrozinio ekonomikoa, baizik eta txapelketak aurrera ateratzeko elkarlanaren aldeko apustua: “Ideiekin berehala bat egin genuen”.
Hamaika Telebistako zuzendari Amaia Jauregik ere euskal pilota sustatzeko konpromisoa berretsi zuen, “gure kulturaren parte delako eta bere tokia merezi duelako”. Ikusgarritasunaz gain, emakumeen pilotari garrantzi berezia emango diotela azpimarratu zuen.
Emakumeen pilota sustatzen jarraitzeko, iaz sinatutako hitzarmena berritu dute aurten GEPFk eta Goienerrek, eta, ondorioz, emakumeen eskuz banaka lau t’erdiko Gipuzkoko Txapelketa berriro ere Goiener Saria izango da. Erika Martinez Goienerreko lehendakaria pozik agertu zen elkarlanarekin, “ingurumena, euskara eta gure kultura sustatzen dituelako”.